EH Bilduk Urdaibai Bird Centerren diru laguntzak bermatu gura ditu
Koalizioak aldundiari eskatu dio zentroari diru laguntzak bermatzeko eta handitzeko. Hasieran jasotzen zuen 200.000 euroko laguntza berreskuratzea proposatu duUrdaibai Bird Center proiektu estrategikoaren biziraupena ezinbestekoa da Busturialdeko EH Bi...
Koalizioak aldundiari eskatu dio zentroari diru laguntzak bermatzeko eta handitzeko. Hasieran jasotzen zuen 200.000 euroko laguntza berreskuratzea proposatu du
Urdaibai Bird Center proiektu estrategikoaren biziraupena ezinbestekoa da Busturialdeko EH Bildurentzat. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak zentroari ematen dizkion laguntzak «bermatzeko eta handitzeko» eskatu du; aurten 60.000 euro jaso ditu.Batzar Nagusietan Bizkaiko aurrekontuei alegazioak egingo dizkiola ere jakinarazi du koalizio abertzaleak, «hasierako urteetan zentroak jasotzen zuen 200.000 euroko diru laguntza berreskuratzeko».
Urdaibai Bird Centerrek ematen duen zerbitzu publikoa bermatzeko, 200.000 euro jaso zituen 2013 eta 2016 urteen bitartean. 2017an, berriz, 100.000 eurokoa izan zen aldundiak emandako diru laguntza.
«Zentroak eremu lokal zein nazioartean oihartzun handiagoa lortu duen heinean, diru laguntzak ez emateko asmoa agertu du Bizkaiko Foru Aldundiak behin baino gehiagotan. Aurten, Elena Unzueta diputatuaren hitzetan zentroari diru laguntzarik ez ematea erabaki zuten. Baina, batzarrak eginez, jarrera aldaketa bat bultzatu genuen EH Bildutik», azaldu du Busturialdeko EH Bilduk.
Jarrera aldaketa bultzatzeko, eragile eta administrazio ezberdinetako kideekin batu zirela jakinarazi dute koaliziokideek, aldundiak hasierako asmoa alde batera uztea lortu arte.
Hala, baina, zentroak aurten jaso duen 60.000 euroko diru laguntza hori ez dela nahikoa diote. Izan ere, zentroak diru gehiago jaso ezean, zorrak metatuko dituela eta ezinbestean itxi egin beharko dela uste du koalizioak, «Busturialdearentzako kolpe latza eraginez».
2008 eta 2014 urteen bitartean, belaunaldi berrien formakuntzan eta ingurumen hezkuntzan aritzeko, Urdaibaiko paduren kontserbazioan lan egiteko eta biosfera erreserbaren nortasuna erakutsiko lukeen benetako turismo jasangarria bultzatzeko bultzatu zuten Urdaibai Bird Center proiektua. «Eskualderako proiektu estrategikoa da Urdaibai Bird Center. Europatik onarpena jaso duten hainbat proiektu burutu ditu, eta hainbat sari jaso ditu, gainera. Zentroaren biziraupena mantendu behar da, eta horretarako ezinbestekoa da diru laguntzen kantitatea handitzea, proiektuek aurrera jarrai dezaten».
Gainera, Urdaibai Bird Center sortzeko eta zabaltzeko aldundiak «oso inbertso garrantzitsua» egin zuela gogoratu du EH Bilduk.
Hasiera batean, aldundiak zentroa proiektu estrategikotzat hartu zuela esan du koalizio abertzaleak, eta horregatik erabaki zuela 200.000 eurogaz finantzatzea. Horregatik eta «zentroaren helburuek berdinak izaten jarraitzen dutelako», Batzar Nagusietan alegazioak aurkeztea erabaki dute.