«Musikaren bitartez errealitatea aldatu ahal dela sinisten dugu»
Sortu eta zazpi urtera, McOnakek hirugarren lan luzea argitaratu du: 'Gure naufragioak'. Urtebete isilpean egon eta gero, zuzenekoetarako gogotsu daudela dio Joseba Iturraspek.Zer dakarzue Gure naufragioak hirugarren lan luzean?Taldearen bilakaera isla...
Sortu eta zazpi urtera, McOnakek hirugarren lan luzea argitaratu du: ‘Gure naufragioak’. Urtebete isilpean egon eta gero, zuzenekoetarako gogotsu daudela dio Joseba Iturraspek.
Zer dakarzue Gure naufragioak hirugarren lan luzean?Taldearen bilakaera islatzen duen lana da. 2011n maketa bat atera genuen (McEta), gero Piraten matxinada etorri zen 2013an, eta horregaz bira bat egin genuen. Ostean, Galarrena argitaratu genuen. Urtebeteko geldialdia egin dugu ostean, eta isilpean lan berriak lantzen ibili gara. Eta horren ostean etorri da Gure naufragioak. Ulertu ahal da piratak matxinatu direla, galerna bat egon dela, eta hondoratu egin garela, eta naufragio horren ostean bueltan gatozela. Naufragioa aukera berri bat bezala ulertzen dugu.
Urtebetean mimo handiz egindako lana da?
Etenaldiaren ostean bueltatzea adostu genuenean, bi aukera genituen: zuzenekoetan lehengo abestiak defendatzen atera edo abesti berriak landu. Azkenean bigarren aukeratik tira egitea adostu genuen, uste dugulako bizirik dagoen talde baten seinalea dela abesti berriak sortzea eta zuzenekoetan abesti berri horiek defendatzea. Hasieratik argi geneukan egingo genuen prozesua gu pozik geratzeko izango zela. Nahi genuena egin dugu, eta emaitzagaz pozik geratu gara.
Disko berriko abesti guztiak, beraz, berriak dira.
Hori da. Hamar abesti berri egin ditugu. Kemen eta biok hasieratik gaude, eta ideiak lantzen ditugu. Denon artean horiei forma ematen diegu gero. Beti lan egin izan dugu modu kolektiboan, eta orain ere horrela egin dugu.
Inspirazioa non bilatu duzue?
Gure inguruan ikusten dugunaz baliatzen gara. Gazte moduan mundua ikusteko eta mundua eraldatzeko ikuspegi bat daukagu. Lan honetan inguruan ikusten ditugun gaiei buruzko kritika eta autokritika egiten dugu. Adierazpen askatasuna, genero askatasun eta berdintasuna, etorkinak…. jorratu ditugu. Abesti nostalgikoren bat ere jaso dugu.
Pil-pilean dauden gaiak ikutu dituzue.
Bai. Azkenean guk musika aisialdi moduan ulertzen dugu. Denok gara langileak edo ikasleak, ez gara musikatik bizi. Pil-pilean dauden gaiak hartu ditugu, benetan sinisten dugulako abestien eta musikaren bitartez errealitatea aldatu ahal dela eta mezu bat helarazi ahal dugula.
Kolaboraziorik eduki duzue?
Abestien letrak McOnakenak badira ere, pare bat letratan kolaborazioak eduki ditugu. Alde batetik, taldearen sorreratik beti babestu izan gaituen Xabat Galletebeitiak Mundu aldrebesa abestiaren letra egin du. Eta Nere California abestiaren letran Amets Arzallusek lagundu digu; letra bikaina egin du. Instrumentu aldetik Irantzu Garamendik muxela sartu du abesti askotan. Iñaki Zabaleta Ken Zazpiko kideak trikitixa eta hammond-a sartu ditu beste abesti batzuetan, eta Audience taldeko Ager Insunzak ere ekarpena egin du.
Zuzenekoetarako gogotsu egongo zarete, ezta?
Bai. Urtebetean lokalean sartuta egon eta gero, gogotsu gaude. Gure abestiak jendeari helarazi nahi dizkiogu, eta ulertzen dugu horretarako modurik zuzenena zuzenekoak direla. Diskoa ondo dago, baina publikoagaz harreman zuzena edukitzea gustatzen zaigu. Dena dela, zuzenekoak neurriz egin nahi ditugu, mimoz egin nahi ditugu. Beraz, hilero pare bat kontzertu-edo eskainiko ditugu.
Lea-Artibai eta Mutrikun noiz eskainiko duzue lehenengo kontzertua?
Eskualde mailan ez daukagu oraindik datarik zehaztuta. Sukaldatzen ari gara, baina oraindik ezin dugu aurreratu. Azaroaren 30ean Anoetako gaztetxean ariko gara, gero Durangoko Azokan eta abenduaren 15ean, Alegin. Abenduaren 29an Hatortxurocken egongo gara Atarrabian; urtarrilean Barakaldo, Debako gaztetxean eta Bilboko Kafe Antzokian ariko gara. Eskualdeko kontzertuak aurrerago etorriko dira: Lekeitio, Ondarroa, Berriatua…