Asier Juaristik ateratako argazkia izango da 2019ko egutegiaren azala
Herritarren botorik gehien jaso ditu Juaristiren proposamenak. Egutegia urte amaitu aurretik ipini nahi dute salgai. Sari banaketa abenduaren 28ko Kultur Galan egingo duteAsier Juaristi mutrikuarrak moilan ateratako argazkia izango da 2019ko Mutrikuko ...
Herritarren botorik gehien jaso ditu Juaristiren proposamenak. Egutegia urte amaitu aurretik ipini nahi dute salgai. Sari banaketa abenduaren 28ko Kultur Galan egingo dute
Asier Juaristi mutrikuarrak moilan ateratako argazkia izango da 2019ko Mutrikuko egutegiaren azala. Hala erabaki du Mutrikuko I. Argazki Lehiaketako lanen erakusketa ikustera joan eta botoa eman duten 130 herritarren gehiengoak.Era berean, hilabete bakoitza irudikatuko duten argazkiak ere ezagutara eman zituzten aurreko astean Zabiel kultur etxeko erakusketa gelan egindako ekitaldian. Gai nagusia Mutriku izanda, Iñigo Andonegi eta Inhar Mutiozabal argazkilariek osatatutako epaimahaiak hilabete bakoitzera hobekien egokitu diren argazkiak aukeratu ditu, betiere, sormena, konposizioa eta teknika kontuan izanik. Oro har, parte hartzaileek maila oneko lanak aurkeztu dituztela nabarmendu dute.
Aritz Larrea Arrizabalagaren argazkiak urtarrila, otsaila eta iraila izango dira; martxoa, apirila eta ekaina, berriz, Joseba Antxustegi Maneiroren argazkiek apainduko dituzte; maiatzerako Nekane Talledo Goenagaren argazkia aukeratu dute, eta Benjamin Perez Bacelarrena uztailerako; abuztua, urria eta abendua Leire Eizagirre Andonegiren argazkiek alaituko dituzte, eta, azkenik, Leire Juaristi Iparragirreren argazkia aukeratu dute azarorako.
80 eurona
Sariak, ofizialki, abenduaren 28an egingo den Kultur Galan banatuko dituzte. Argazki bakoitzak 80 euroko saria jasoko du, eta herritarren saridunak, berriz, 80 euroko bonu bat jasoko du Bertan elkarteko dendetan erabiltzeko.
Lehiaketan parte hartu duten gainontzeko argazkiekin egutegiaren azken orria osatuko dutela aurreratu du Elena Cebrian Mutrikuko kultur zinegotziak. Udalaren asmoa egutegia Gabonak baino arinago argitaratzea da, eta turismo bulegoan egongo da salgai euro baten truke.
Udal ordezkariak pozik agertu dira lehenengo argazki lehiaketak izan duen parte hartze eta erantzunarekin. Emaitza ikusita, datorren urtean ere errepikatzeko asmoa agertu dute.
Argazki lehiaketan bederatzi herritarrek parte hartu dute, eta denetara 26 izan dira lehiaketan parte hartu duten lanak. Etzira arte egongo dira guztiak ikusgai Zabielgo erakusketa aretoan.