Bedialauneta, Arriola, Goikoetxea eta Odiaga, EH Bilduren alkategai
Berriz ere alkate izateko asmoagaz aurkeztuko dira udal hauteskundeetara Bedialauneta, Arriola eta Goikoetxea. Odiaga Markina-Xemeingo alkateordea da azken agintaldianZunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga, Jon Arriola Espilla, Arkaitz Goikoetxea Etxebarri...
Berriz ere alkate izateko asmoagaz aurkeztuko dira udal hauteskundeetara Bedialauneta, Arriola eta Goikoetxea. Odiaga Markina-Xemeingo alkateordea da azken agintaldian
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga, Jon Arriola Espilla, Arkaitz Goikoetxea Etxebarria etaAitor Odiaga Garate izango dira, hurrenez hurren, Ondarroako, Berriatuko, Munitibarko eta Markina-Xemeingo EH Bilduren alkategaiak.2019ko udal hauteskundeetarako EH Bilduren Berriatuko eta Ondarroako alkategaiak zeintzuk ziren jakina bazen ere, koalizioak, orain, Markina-Xemeingo eta Munitibarko zerrendaburuak zeintzuk izango diren ere esan du. Arriolak (Berriatua), Bedialaunetak (Ondarroa) eta Goikoetxeak (Munitibar) hautagaitza errepikatuko dute, baina Odiaga markina-xemeindarra estreinako izango da zerrendaburu. Aurreko EH Bilduren zerrendan joan zen, eta oraindik indarrean dagoen agintaldian zinegotzia da.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga 1974an jaio zen, eta igeltseritza ikasi zuen. Alkate izan aurretik fundizioko langilea zen. Gaztarorik herrigintzan ibili izan da. «Besteak beste, intsumisoa, ekologista, Kresala kultur elkarteko partaidea eta Radixu irratian ibilitakoa da». 2015ean, ingurumen zinegotzi legez sartu zen udalean, eta Josu Arrizabalagak alkatetza utzi ostean alkate izendatu zuten. Agintaldi zaila tokatu zaiola dio, baina egoera zailenean ere aurrera egiteko gai izan dela diote. «Hiru urtean asko ikasi dugu, administrazioaren kudeaketa, herritarren arazoak zuzenean bideratzen… Nekea handia izan da, baina herrigintza horrelakoa izaten da, ezina ekinez egina». Herritarren parte hartzea bultzatzea, politika sozialak indartzea eta auzoak hobetzea dira Ondarroako EH Bilduk hurrengo agintaldirako dituen erronkak, «Ondarroa solidarioagoa, parte hartzaileagoa, euskaldunagoa eta biziagoa izateko».
Jon Arriola Espillak 35 urte ditu. Ameriketako Estatu Batuetan jaio bazen ere, bizitza guztian Berriatuan bizi izan da. Mekanizazio bidezko produkzioan goi mailako ikasketak egin zituen. Diotenez, gaztetatik izan du herriarekiko konpromisoa; «14 urtetik izan da militantea eta eragilea egitura desberdinetan: ezker abertzalean, ikasle mugimenduan, gazte asanbladan, Euskal Herrian Euskarazen…». EH Bilduren kide izan da hasieratik, eta, 2015ean, berriatuarrek alkate izendatu zuten. «Nire herria maite dut. Beraz, nire ekarpena egiten jarraitu nahi dut herri feminista, euskalduna eta askea lortzeko. Beste lau urtez alkate legez udaletik jarraitu nahi dut ekarpenak egiten».
Arkaitz Goikoetxea Etxebarriak 40 urte ditu, eta ingeniaria da polimeroetan eta proiektuen kudeaketan: proiektuen kudeaketan masterra egin zuen. Azken lau urteetan alkatea izan bada ere, ITP enpresan ere lan egiten du, biak uztartuz. Gaztetatik herriko talde eragile ezberdinetan lanean ibili da (gaztetxea, guraso elkartea…). 2015ean, udalgintzan sartu zen, eta herritarrek alkate aukeratu zuten. Garrantzi handia ematen dio herritarren parte hartzeari eta erabakiguneak udaletxetik atera eta zabal egiteari. Aurrerantzean ere hori bultzatzen jarraitu nahi duela nabarmendu du.
Aitor Odiaga Garatek 50 urte ditu, eta ofizioz Iberdrolako mantenu arduraduna da. 2012tik ingurumen zinegotzia izan da, baina hirigintza, gizarte ekintza eta kirol arloetan ere lan egin izan du. Gaur egun alkateordea da. Odiagaren helburuetako bat egiteke dauden proiektuei jarraipena eman eta proiektu berriak egitea da. «Herriagaz konpromiso handia daukat; herritik herriarentzako lan egitea da nire gogoa».