Muxika, Gorozika eta Ibarruriko argazki lehiaketa martxan dago
Beste behin, udalerriko auzoak irudietan harrapatzeko helburu nagusiagaz egingo dute Muxika, Gorozika eta Ibarruri Bizirik Talde Ekintzaren argazki lehiaketa.Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketara lanak aurkezteko epea urriaren hasieran ir...
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketara lanak aurkezteko epea urriaren hasieran ireki zuten, eta parte hartu gura dutenek azaroaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Muxikako Udalak aurkeztutako irudiekin osatuko du egutegia.
Argitu dutenez, parte hartzaile bakoitzak sei argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez; JPG formatua eduki beharko dute. Argazkiak ateratzerakoan, edozein teknika eta kolore onartuko dituztela zehaztu dute.
Irudiak Zubieta Errota liburutegira eraman behar dira USB batean; nahi izanez gero, liburutegia.muxika@bizkaia.org helbide elektronikora bidaltzeko aukera ere badago.
Lehiaketa bi zatitan banatu dute aurten ere: gaztetxoen kategoria egongo da batetik, hau da, 16 urte baino gutxiagokoentzako kategoria, eta nagusiena bestetik, 16 urtetik gorakoentzat.
Sariak zeintzuk izango diren ere zehaztu dute. Gaztetxoen arteko irabazleak argazkilaritzarako materiala erosi ahal izateko 60 euroko txartela jasoko du. Nagusien artean, Muxikako jatetxe batean bazkaria edo afaria irabaziko dute argazki onena, bilduma onena edota muxikarraren argazki onena mailetako irabazleek. Antolatzaileek azaldu dutenez, partaide bakoitzak ezingo du sari bat baino gehiago jaso.
Zubieta Errotan, ikusgai
Sariak azaroaren 30ean banatuko dituzte, Zubieta Errotan, 19:00etan.
Hain zuzen ere, aurrekoetan modura, oraingo honetan ere, udalerriko 2019ko egutegia osatzeaz gain, parte hartzaileek ateratako argazki guztiekin erakusketa bat osatuko dute Zubieta Errotan. Halaber, Muxikako Udalaren argazki artxiboaren parte izatera pasatuko direla zehaztu dute.