Gaur hasiko dute zaldi-mando proben sariketa
Txapelketaren lehenengo zortzi sailkatuak sarituko dituzte. Era berean, Lea-Artibai eskualdeko lehenengo hirurek ere diru saria jasoko duteBederatzi probalari ariko dira zein baino zein gehiago Ispasterko 33. Zaldi-Mando Proben Sariketan. Gaur egingo d...
Txapelketaren lehenengo zortzi sailkatuak sarituko dituzte. Era berean, Lea-Artibai eskualdeko lehenengo hirurek ere diru saria jasoko dute
Bederatzi probalari ariko dira zein baino zein gehiago Ispasterko 33. Zaldi-Mando Proben Sariketan. Gaur egingo dute lehen saioa, bihar bigarrena, eta domekan argituko da zein den aurtengo txapelduna.Gaurko parte hartzaile guztiak Lea-Artibaikoak izango dira. Aulestiko Juan Uriarteren, Etxebarriko Adorrixa anaien eta Markina-Xemeingo Patxua Tabernako zaldien ikuskizuna egongo da frontoi barruko probalekuan.
Bihar gauean, aldiz, Durangoko Rasse Denda, Mañuko Erauzkin eta Azkoitiko Txibilter lehiatuko dira. Domeka arratsaldeko saioan, Koba Aulestiarraren zaldiagaz batera, Maumeko Baraiazarrarena eta Bilboko Kocco Dendako ordezkariarena ariko dira deman.
Ispasterko harriagaz lehiatuko dituzte probak, eta saio guztiak Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkariek kontrolatuko dituzte. Hain zuzen ere, abereen oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute, eta saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte.
Txapelketan lehenengo zortzi sailkatuak sarituko dituzte, eta saririk jaso barik gelditzen den probalariren batek irabazlearen markaren %70 eginez gero, 300 euro jasoko lituzke.
Gainera, eskualdeko lehenengo hiru sailkatuentzat ere sariak egongo dira.
Manta eta txapelagaz batera, irabazleak 750 euro jasoko ditu, eta txapeldunordeak 650 euro. Hirugarren geratzen denak 575 euro irabaziko ditu.
Eskualdeko onenarentzat, berriz, 120 euroko diru saria egongo da. Bigarren sailkatuak 100 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak 90 euro.