2019rako berdelaren kuota jaistea proposatu dute nazioarteko zientzialariek
Datorren urteko kuota %42 jaistea proposatu du ICESek. Zientzialariek bi arrazoi nagusigatik egin dute kuota txikitzeko gomendioa. Hegaluze kanpaina gauerdian zabaldu dute berriroNazioarteko Itsasoaren Ikerketa Kontseiluak (ICES) berdelari buruz aurkez...
Datorren urteko kuota %42 jaistea proposatu du ICESek. Zientzialariek bi arrazoi nagusigatik egin dute kuota txikitzeko gomendioa. Hegaluze kanpaina gauerdian zabaldu dute berriro
Nazioarteko Itsasoaren Ikerketa Kontseiluak (ICES) berdelari buruz aurkeztu duen azken ikerketak berdelaren kuota nabarmen jaistea gomendatzen du 2019 urterako. Datorren urtera begira, hain zuzen, kuota %42 jaistea proposatu dute.Erakundeak 550.948 tonako kuota gomendatu zuen Europa guztirako aurtengo urtean, eta datorren urterako 318.403 tonakoa proposatu dute erakundeko zientzialariek.
Kuota murriztea, zehatz esanda, bi arrazoi nagusigatik proposatu dute. Alde batetik, berdelaren ugaltze biomasa txikitu egin da 2011tik, eta, bestetik, arrainaren heriotza tasa jasangarria izango litzatekeenaren gainetik dago.
Kantauri itsasoan arrantzatzen duten baxurako arrantzontziei dagokienez, berdelaren kuota jaisteak eragin nabarmena izango luke bertoko ekonomian. Gaiak arrantzaleak asko urduritu ditu. Aurten %20 jaitsi dute berdelaren kuota. Hau da, 2017koa 38.400 tonakoa izan zen, eta 2018koa, berriz, 30.700 tonakoa izan da. Murrizketa horien eraginez, aste gutxitan amaitu dute aurtengo berdel kanpaina, eta datorren urtera begira murrizketak areagotuz gero, gehiengoaren mugara azkarrago ailegatzea aurreikusten dute arrantzaleek.
«Kaltegarria»
Arrantza sektoreko beste hainbat eragile ere kezkatuta daude. Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunak asko arduratu ditu berriak. Egia esan, kuotaren jaitsiera «edozein dela ere», arrantza sektorearentzako kaltegarria izango litzatekeela nabarmendu dute. «Ez dakigu zer neurri hartuko duten Bruselan, baina nazioarteko proposamena kontuan hartzen baldin bada, eta kuota nabarmen jaitsi, hurrengo kanpaina kinka larrian egongo litzateke. Lehen ere oso kuota txikia dute bertoko arrantzaleek, eta gehiago jaistea hondamen bat litzateke guretzat. Dagoen gutxian jaisten dutena edozein dela ere, asko igarriko litzateekela uste dugu».
Beste alde batetik, hegaluze kanpaina gaur gauerdian zabaldu dute berriro. Abuztuaren 23an zarratu zuten, kuota amaituta zegoelako. Zenbaketa egin eta Portugalegaz egindako trukaketa egin ondoren, berriro zabaltzea erabaki du Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak.