Etxean, estreinaldi ezin hobea
Lointek Gernika Bizkaia 92-50 nagusitu da Basket Namur Capital taldearen aurkako EuroCup Women Txapelketaren aurretiazko kanporaketako joaneko partiduanGiro beroa eta erakustaldi paregabea. EuroCup Women Txapelketa jokatzea ametsa zela zioten Gernika K...
Lointek Gernika Bizkaia 92-50 nagusitu da Basket Namur Capital taldearen aurkako EuroCup Women Txapelketaren aurretiazko kanporaketako joaneko partiduan
Giro beroa eta erakustaldi paregabea. EuroCup Women Txapelketa jokatzea ametsa zela zioten Gernika KESBeko kideek, eta ilusioagaz eta kemenagaz pauso garrantzitsua eman zuten Lointekeko jokalariek astelehen iluntzean. Taldekako Fasera sailkatzeko txartela bermatzeko garaipen gogoangarria lortu zuten.Lointek Gernika Bizkaia 92-50 nagusitu zen Basket Namur Capital talde belgikarraren aurkako aurretiazko kanporaketako joaneko partiduan. Malosten bildutako 800 zaleek ez dute ahaztuko herenegungoa.
Talde gernikarrak iaz Bilbon lehiatu zituen etxeko partiduak, eta oraingo honetan, bere kantxan estreinaldi ezin hobea egin du. Etxean hasitako ametsa Belgikan borobiltzeko erronka dute orain. Izan ere, bihar lehiatuko dute bueltako partidua (20:30).
Amaierako 42 puntuko aldeak erakusten duen moduan, etxeko jokalariak nagusi izan ziren partidu osoan. Defentsa lan ikusgarria (23 baloi galtze eragin zituzten), erasoan ideiak argi eta talde lan izugarria eginez lortu zuten garaipena. Atsedenaldirako partidua erabakita utzi zuten.
Defentsa lana
Hasiera gazi-gozoa izan zuen neurketak. Etxeko taldeak nahi baino gehiago barkatu zuen. Baina hasierako minutuetatik Lointeken defentsa irmo aritu zen, eta, ondorioz, esaterako, aurkariak sei bat minutu egon ziren punturik lortu barik. Partidua hasi eta bost minutura, 9-2ko markagailuagaz aurretik zegoen. Roundtreek erasoan asmatu zuen, eta Molina oso bertikal aritu zen. Hala, Ariztimuñok 6,75 metrotik lortutako saskiratzeagaz zutik jarri ziren zaleak. 14-4 zihoazela hutsartea eskatu zuen belgikarren entrenatzaileak, baina egoera ez zen aldatu, eta 18-6ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenean motorrak berotu zituzten etxekoek. Mario Lopezek txandakatzeekin asmatu zuen. Batez ere defentsan emandako erakustaldiak markatu zituen atsedenaldira heldu aurreko minutuak. 25-6ko markagailuagaz, Namurreko jokalariak noraezean zebiltzan. Lau minutu behar izan zituzten bigarren laurdeneko lehen saskiratzea lortzeko; Horobetsek hirukoa sartu zuen. Jarraian, Jonesek eta Mestdaghek beste bana egin zituzten. Baina horiek ez ziren nahikoa izan, eta, gainera, Vanserwalek modu berean erantzun zien.
36-18ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia. Atsedenalditik bueltan, defentsa gernikarraren aurrean, hirukoekin saiatu ziren belgikarrak. Etxekoak partiduan sartuta jokatu zuten; kontzentrazioa galdu barik. Roundtreek min handia egin zien aurkariei, Vanderwalek lan handia egin zuen, eta ia dena ondo eta Berezhynskaek aurkariengan hutsegiteak eragin zituen. Naiara Diez kapitainaren hirukoagaz 37 puntuko aldea lortu zuten, eta 64-27ko emaitzagaz heldu ziren azken txanpara. Alde nabarmena izan arren, Lointekekoek bereari eutsi zioten, errenta handitzeko gosez zeudela argi utziz. Namurrekoek aurreko minutuetan baino saskiratze gehiago lortu zituzten, talde lanagatik baino banakako jokaldien ondorioz.
Asteburuan liga
Lointekek domekan hasiko du Dia Liga, Madrilen. Snatt`s Femeni Sant Adria taldearen aurka jokatuko du (13:15). Torrejon de Ardozeko Jorge Garbajosa pabilioian lehiatuko dira 1. jardunaldiko partidu denak asteburuan.