2.700 kilo hondakin bildu dituzte 4. Itsas hondoen Garbiketa Handian
Izaro Sub taldeko arduradunen arabera, emaitzak «ikusgarriak» izan dira. Zapatuan egindako egitasmoan 100 boluntario baino gehiago batu ziren, eta haien artean 34 urpekari egon zirenIzaro Sub taldeak 4. Itsas hondoen Garbiketa Handian parte hartu du,...
Izaro Sub taldeko arduradunen arabera, emaitzak «ikusgarriak» izan dira. Zapatuan egindako egitasmoan 100 boluntario baino gehiago batu ziren, eta haien artean 34 urpekari egon ziren
Izaro Sub taldeak 4. Itsas hondoen Garbiketa Handian parte hartu du, Bermeoko eta Mundakako udalen laguntzagaz. Bertan egindako garbiketa lanekin 2.700 kilo hondakin bildu dituzte, eta taldeko arduradunen arabera, emaitzak «ikusgarriak» izan dira.Hondakin horiek itsas hondotik atera ahal izateko, egitasmoan 100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten joan den zapatuan. Horien artean, antolatzaileek 34 urpekariren laguntza eduki zutela nabarmendu nahi izan dute. Guztien artean, Bermeoko portuan, Lamerapuntan, Frantxua kalan eta hondartzapean ibili ziren lanean, gune horietako hondoak garbitzen. Hegaluze, Ur Ridersen, Kikumbera Igeriketa Taldearen eta herriko Bela Eskolaren itsasontzien laguntza jaso zuten, eta Burgostik etorritako Club Delfin taldeko urpekariek eskainitako laguntza nabarmendu nahi izan dute.
Lanekin batera, gazte zein nagusientzat zuzendutako Birziklapenean jaioak gara izeneko kontzientziazio tailerra prestatu zuten goizean. Arduradunek «garrantzia handia» eman nahi izan diote ingurumenaren hezkuntzari. Hala, tailer horien barnean, informazioa gunea prestatu zuten, hurreratzen zen edonori ingurunea errespetatzeko egin beharrekoak azaltzeko.
Arazoak boluntarioentzat
Garbiketa lanak arrakastatsuak izan badira ere, Izaro Subekoek Bermeoko Udaltzaingoak jarritako eragozpenak salatu nahi izan dituzte. Azaldu dutenez, Burgostik etorritako boluntarioei portuan autobus bidez sartzea eragotzi zieten; udalaren eta portuko arduradunen baiezkoa jasota zeukatela diote.
Arduradunen berbetan, autobusean 25 boluntario etorri ziren, eta batek gurpil-aulkia erabili behar zuen. Gunera, iristeko kilometro bateko ibilaldia egin behar izan zutela azaldu dute, urpean aritu ahal izateko pisu handiko ekipamenduagaz.
Egoera horren harira, Bermeoko Udalak adierazi du boluntarioek pairatutako eragozpenak sentitzen dituztela, baina, hala ere, «halako eskaerak egiterakoan beti alternatiba bat bilatzen» saiatzen direla aldarrikatu dute. Horren harira, udalak argitu du ibilgailuaren etorrerari buruz «informaziorik ez zuela izan» eta Udaltzaingoak «araudiaren arabera jardun zuela».