TDG Clamping Solutions enpresako museo historikoa inauguratu dute
102 urte bete ditu herriko enpresak, eta berrikuntzaren aldeko konpromisoa berretsi du. Urkulluk enpresaren ibilbidearen eta egindako ahaleginaren garrantzia azpimarratu duTalleres de Gernikak 102 urte egin ditu lidergoari eutsita tornuetarako amarratz...
102 urte bete ditu herriko enpresak, eta berrikuntzaren aldeko konpromisoa berretsi du. Urkulluk enpresaren ibilbidearen eta egindako ahaleginaren garrantzia azpimarratu du
Talleres de Gernikak 102 urte egin ditu lidergoari eutsita tornuetarako amarratze soluzioak fabrikatzen eta merkaturatzen. 36ko gerra, munduko gerrak eta hainbat krisialdi ekonomiko igaro ditu enpresak, eta garai berriei aurre egiteko izan duen gaitasuna ospatu nahi izan zuten atzo. Horregaz batera, enpresan jarri duten museoa zabaldu zuten; han egon zen, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria.Langileak izan ziren atzo enpresako ekitaldian, eta, horiekin batera, baita enpresako arduradunak, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde garapena sustatzeko foru diputatua eta Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroño. Momentu hori aprobetxatuta, urte horietan guztietan bidelagun izan diren langile, akziodun, instituzio eta gainerakoak eskertu zituzten enpresako arduradunek.
1916. urtean sortu zuten Talleres de Gernika bezala ezagutu izan zena. Garaiak, dena den, aldatu egin dira, eta aro berrira egokitzeko asmoz, izena eta markaren irudia aldatzeko hautua hartu dute oraintsu. Hala, TDG Clamping Solutions izenagaz ezagutuko denak orduko hartan berrikuntzaren alde hartutako konpromisoa berretsi du. Izan ere, enpresaren erronka berrikuntzarekiko, kalitatearekiko eta nazioarteko merkatuekiko konpromisoari eustea da.
Historia handia
Sortu zutenez geroztik, Gernikan izan du egoitza aipatu enpresak. Lantaldean 42 langile ditu, eta bere ekoizpenaren %70 esportaziora bideratzen du, hartara, 30 herrialde baino gehiagogaz harreman zuzena mantenduz. Historia handia dauka Talleres de Gernikak: eraikina bera babestuta dago bere balore historikoagatik; izan ere, Gernikako bonbardaketan zutik mantentzea lortu zuten eraikin gutxiren artean izan zen.
Bere hasieran, tornuetarako plater txikiak egiten zituen, eta baita barauts zorrozgailuak eta mozketarako bestelako tresnak. XXI. mendeagaz batera, baina, munduko tornurako plater automatiko handiena eraiki zuten.
Urkulluk enpresaren ibilbidearen eta orain arte egindako ahaleginaren garrantzia azpimarratu zuen: «Proiektu bat aurrera atera dute, enplegu aukeren sorreran lagundu dute eta euskal gizartearen ongizaterako aberastasuna sortu dute». Azken finean, enpresak daukan mundu mailako bokazioa nabarmendu zuen, eta baita bezero bakoitzari proposamen berritzaileekin eta kalitate handiko produktuekin erantzuteko ahalmena ere.
Urkulluk aditzera eman duenez, Jaurlaritzak bere aldetik, hazkunde jasangarriaren oinarriak eta kalitateko enplegu-aukeren sorrera finkatzen laguntzen jarraituko du. Gogorarazi du, gainera, inbertsioekiko konpromisoa gehituko dutela: «Espero dut, oso laster, gauzatuta egotea enpresen lehiakortasunerako lagungarriak izango diren tarifa elektrikoa bermatzeko neurriak».
Imanol Pradales diputatuak, berriz, enpresa zoriondu nahi izan zuen aldundiaren izenean: «Gaurkoa zoriontzeko eguna da, oraindik lehian, lanean aritzeagatik eta etorkizuneko begiradari eusteagatik. 102 urtetan denetarik egin duzue, eta ondo».
Bertaratutakoek enpresa ezagutzeko bisita egin zuten atzo, eta hitzalditxoaren ostean, museoa inauguratu eta bisitatu zuten. Museo historikoa da bertan jarri dutena, enpresaren eta Euskal Herriko industriaren iragana ezagutzeko zenbait elementu eskaintzen dituena: hala nola, makineria, finantziazioari lotutako dokumentazioa, argazkiak, lehen publizitate kanpainak eta bestelako materialak.