40+1 Euskal Zine Bilerak Begirada saria eman dio Kimuak egitasmoari
Hainbat urtetan euskal zinema hedatzen egindako lana aitortu dio Begirada sariak egitasmoari. Kameratoia lehiaketako sari nagusia Lapatx taldearen 'Ilunpean' filmak jaso duLoli Astoreka eta Aitor Abaroak gidatutako irekiera ekitaldiagaz eman zioten has...
Hainbat urtetan euskal zinema hedatzen egindako lana aitortu dio Begirada sariak egitasmoari. Kameratoia lehiaketako sari nagusia Lapatx taldearen ‘Ilunpean’ filmak jaso du
Loli Astoreka eta Aitor Abaroak gidatutako irekiera ekitaldiagaz eman zioten hasiera zapatuan, Lekeition, 40+1. Euskal Zine Bilerari. Bileraren nondik norakoak ezagutzera eman zituzten Muntu antzerki taldearen umorezko ikuskizunagaz lagunduta. Gainera, Kimuak egitasmoari Begirada saria eman zioten, urteetan euskal zinema hedatzen egindako lanagatik. Bere koordinatzaile Esther Caberok jaso zuen saria Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendariaren eskutik. Ekitaldia, berriz, Telmo Esnalen Dantza filmaren proiekzioagaz biribildu zuten.Zapatuan eman zioten hasiera bai eta ere Kameratoia rallyari. Filmaren gaia eta azalpenak eman zizkieten goizean parte hartzaileei, eta 24 ordu izan zituzten film labur bat osatzeko. Arreta guztia jarri zuten lanean ekimenean parte hartu zuten hamalau taldeetako 42 parte hartzaileek. Lekeitioko kaleetan ibili ziren irudiak hartzen ahalik-eta film laburrik txukunena prestatzeko. Erronka ez zen erraza izan, eta, beraz, azkenean sei talde animatu ziren lanak aurkeztera.
Kameratoiko sariak herenegun banatu zituzten Ugaitz Alegria ondarrutarrak aurkeztutako sari banaketa ekitaldian. Mikel Zumetak eta Yogurinha Borovak osatu zuten epaimahaia, eta hiru sari banatu zituzten: 1.200 euroko lehenengo saria Lapatx taldearen Ilunpean filmak eraman zuen, bigarren sariko 800 euroak Naiara Perez ondarrutarrak eta Eneko Elezgarai mutrikuarrak osatutako Txistana taldearen Anamorfia lanak (iaz ere bigarren saria eskuratu zuten) eta 600 euroko hirugarren saria, azkenik, Askopena Produkzioak taldearen Bisitaria-k lortu zuen. Publikoak erabaki zuen laugarren eta azkenengo saria, eta hori ere Bisitaria filmarentzat izan zen.
Asteburua amaitzeko, (H)emen gaude ikus-entzunezko sektorearen espazioa zabaldu eta Maider Oleaga (1976, Bilbo) zinemagilearen ibilbidea ezagutzera emango duen tarteari hasiera eman zioten Verabredung filmaren proiekzioagaz.
Lanak, ikusgai
Euskal Zine Bilerak ez du etenik, eta gaurtik barikura bitartean, lehiaketan parte hartuko duten lanak ikusteko aukera egongo da, 20:00etan hasita, Ikusgarri zinema aretoan.
Guztira, 20 film laburrek parte hartuko dute lehiaketan, eta aurten, Mikel Zumeta, Itziar Ituño, Eider Eguren eta Maider Oleaga izango dira zuzendaritza, gidoia eta film onenaren sariak erabakitzearen arduradunak. Ikuslearen saria ere emango dute.