Berbalagun «indartsu» dator Bermeora eta Gernika-Lumora
'Praktikatu eta bizi' mezuagaz, lagunartean euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukera eskaini nahi diete egitasmoan parte hartzen duteneiBeste urte batez, Berbalagun egitasmoa jarri dute martxan Bermeon eta Gernika-Lumon. Praktikatu eta bizi mezu...
‘Praktikatu eta bizi’ mezuagaz, lagunartean euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukera eskaini nahi diete egitasmoan parte hartzen dutenei
Beste urte batez, Berbalagun egitasmoa jarri dute martxan Bermeon eta Gernika-Lumon. Praktikatu eta bizi mezuagaz, Berbalagunen parte hartzen duten pertsonei lagunartean euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukera eman nahi diete, bakarrik eskoletan eta euskaltegietan euskaraz aritu beharrean, hortik kanpora ere aritzeko.Bermeon, esaterako, atzo aurkeztu zuten egitasmoa. Berbalagun proiektua «elkarlanean» sortu dutela jakitera eman, eta urtez urte «aberastuz» doala esan zuten, herritarren artean «oso harrera ona» izaten baitu.
Parte hartzaileak egitasmoagaz «pozik» daudela adierazi zuten arduradunek, eta ikasitakoa «era natural batean adierazteko» aukera ematen duela. Horrela, jardueran parte hartzen duten pertsonek «lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra» lantzen dute, egunerokotasunean euskara erabiltzeko gaitasunak hartuta.
Bermeon eta Gernika-Lumon abian dagoen egitasmoan edonork parte hartu dezake: «Euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak». Euskara praktikatzerako orduan, 5-6 laguneko taldeetan bilduko dira parte hartzaileak batean zein bestean, eta horiek osatzerakoan bakoitzaren adina, zaletasunak eta biltzeko orduak hartuko dituzte kontuan.
Mintzatzaileak nahi duten tokietan bildu daitezke: kafetegian, tabernan edota paseoan, esate baterako. Bermeoko dinamizatzaileak argi utzi du Berbalagun ez dela eskola bat, «modu ludiko eta natural batean lagunartean euskarara hurbiltzeko eta euskara praktikatzeko» bidea baizik.
Jarduera osagarriak
Euskaraz aritzeko geratzeagaz batera, Berbalagunek beste hainbat jarduera prestatuko ditu aurten ere. Horien artean dago, esaterako, Gurasolagun izenekoa, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz egiteko aukera emateko. Bertan, txangoak edota tailerrak egingo dituzte, gurasoen eta seme-alaben arteko «transmisioa indartzeko».