Hezkuntza sailburuak Bermeoko Hizkuntza Eskola bisitatu du
Hizkuntza Eskola Ofizialen ikasturtearen hasiera aprobetxatuta, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak herriko Hizkuntza Eskola bisitatu zuen, atzo, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariagaz batera.Bermeoko instalazioak ...
Bermeoko instalazioak ezagutu zituzten bisitaren bitartez, eta eskolako irakasleekin batera elkartu ziren. «Gero eta gizarte globalizatuagoan» Hezkuntza sailak hizkuntza ikasteari ematen dion «garrantzia» azpimarratu zuen Uriartek, eta horretarako Hizkuntza Eskola Ofizialek «hainbat hizkuntza ikasi eta ezagutza hori egiaztatzeko aukera» eskaintzen dutela zehaztu zuen.
Bisitagaz, Hizkuntza Eskolek egiten duten «lan ona» nabarmendu nahi izan zuen Uriartek, eta haien bitartez hizkuntzak ikastea «bultzatu» egiten dutela. Horrela, sailaren helburu nagusietako bat hizkuntzak ikasi nahi dituenari «bide hori erraztea» dela adierazi zuen.
Sailburuaren berbetan, «aberastasun pertsonalaz gain», hizkuntza berriak ikasteak «prestakuntza hobetu» eta «lan aukerak ugaritu» egiten ditu, eta aldi berean, lan eskaintzekin loturiko mugikortasun aukerak areagotu» egiten ditu.
Eskaintza zabala
Uriartek zehaztu zuenez, Bermeoko Hizkuntza Eskolak hamar irakasle ditu. Joan zen ikasturtean 600 ikasle inguru matrikulatu ziren herriko eskolan, eta beste 281 ikaslek matrikula librea egin zuten.
Bermeoko eskolak zehazki euskara, ingelesa eta frantsesa ikasteko aukera ematen die Busturialdeko ikasleei, eta C1 mailara arteko ikasketak eskaintzen dituzte aipatutako hiru hizkuntzetan.