Urdaibai Bela Elkarteak belaontzien eraikuntza tailerra antolatu du
'Optimist' izeneko belaontzi txikiak eraikitzen erakutsiko dute. 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta Bermeoko Kofradia Zaharrean egingo dute, astelehenetik apirilaren 12ra bitarteanUrdaibai Bela Elkarteak optimist izeneko belaontzi txikien eraikunt...
‘Optimist’ izeneko belaontzi txikiak eraikitzen erakutsiko dute. 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta Bermeoko Kofradia Zaharrean egingo dute, astelehenetik apirilaren 12ra bitartean
Urdaibai Bela Elkarteak optimist izeneko belaontzi txikien eraikuntza tailerra antolatu du. Tailerra Bermeoko Kofradia Zaharrean egingo dute, urriaren 1etik apirilaren 12ra bitartean, eta aurkezpena bihar 19:30ean egingo dute, leku berean.Tailerrean 12 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta ordutegia irekia izango da, astelehenetik barikura, interesa dutenen arabera. Horrez gain, zapatu eta domeka goizetan hiru orduko tailerrak egingo dituzte gurasoak eta seme-alabak batera aritzeko.
Gaizka Uriagereka Urdaibai Bela Elkarteko kideak azaldu duenez, tailerrean «ontzi bat zelan eraikitzen den» ikasiko dute, eta «eraikuntza prozesuaren barneko alor ezberdinak» jorratuko dituzte. Horretarako, hiru pertsonako taldeak osatuko dituzte, eta talde bakoitza 2,30 metroko belaontzi txikia eraikitzeko lanetan ariko da.
«Lehenik eta behin, parte hartzaileek proiektua aztertuko dute, planoak zelan interpretatu ikasiko dute, eta horiek zelan aztertu, eskalak ulertzen, neurriak hartzen edo txantiloiak marrazten», azaldu du Uriagerekak. Bestetik, itsasontziak dituen atalen eta haien erabileraren berri emango dute tailerrean.
Maketatik belaontzira
Proiektuaren xehetasunak aztertu ondoren, tresna eta material ezberdinak zelan erabiltzen diren irakatsiko dute era praktiko batean. Egingo duten belaontziaren maketa bat eraikiko dute lehenik eta behin. Maketa eraikiz ontziaren egitura nolako den ikasi ostean, ikastaroa nabigazioaren munduan barneratuko da. Bela mota eta nabigazio teknikak ikusiko dituzte parte hartzaileek: haizearen erabilera, lainoen interpretazioa edota mareak kontuan hartzen ikasiko dute. Era berean, euskal itsas historia ere landuko dute tailerrean, eta museoetara bisitak antolatuko dituzte.
Informazio gehiago jaso nahi duenak info@urdaibaibelaeskola.com helbide elektronikora idatzi edo 605 74 67 61 telefonora deitu ahal du.