Itsasoaren sektorean dihardutenek esperientzia berriak ezagutu dituzte
Galiziako hiru enpresen ekarpenak plazaratu dituzte Ondarroan. Elkarlanaren bidez negozio aukerak zabaldu ahal direla berretsi dute. Beste bi hitzordu lotu dituzteItsas sektorean diharduten enpresetako hainbat ordezkari batu ziren aurreko barikuan, Ond...
Galiziako hiru enpresen ekarpenak plazaratu dituzte Ondarroan. Elkarlanaren bidez negozio aukerak zabaldu ahal direla berretsi dute. Beste bi hitzordu lotu dituzte
Itsas sektorean diharduten enpresetako hainbat ordezkari batu ziren aurreko barikuan, Ondarroan, Lea-Artibain eta Busturialdean martxan jarri nahi den lankidetza proiektuari ekiteko balio izan zuen ekitaldian.Ondarroa 2020 egitasmoaren barruan eta aldundiaren Elkarlanean 2018 programaren babesagaz martxan jarritako proiektuaren lehen urratsa izan zen Kofradia Zaharrean batutakoek eman zutena. Itsasoaren sektorearen estrategia eta lehiakortasunaren gaineko ikuspegiak ipini zituzten mahai gainean. Izan ere, arrantza sektoreko elkarte eta enpresen arteko hobekuntza eta berrikuntza edo negozio berriak izan daitezkeenak identifikatzen joan nahi dute.
Sektoreko ordezkari ugari
Itsas industriari lotutako enpresen erronkak, joerak eta beharrak identifikatu nahi dituzte, gero proiektu ezberdinak definitu eta abiarazteko. Beraz, Ondarroako jardunaldian arrantza zein itsas sektoreko eragileak joan ziren, enpresa eraldatzaileak, handizkariak, «neskatillak», sare konpontzaileak eta industria osagarrietarako ordekariak.
Parte hartzen lehena Ainara Basurko BEAZeko zuzendaria izan zen. Bizkaiko Foru Aldundiak BEAZetik ere arrantza sektoreari eskaini ahal dion diru laguntza eta programak azaldu zituen Basurkok, beste batzuen artean, nazioartekorako diru laguntzak, elkarlaguntzarako laguntzak eta azpiegituretarako diru laguntzak.
Esperientziak
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendariak parte hartu zuen. Arrantza estraktiboak gero eta muga gehiago dituela esan zuen, eta bidea salmenta eta eraldaketa alorretan berrikuntza sustatzea dela nabarmendu zuen.
Galiziako hiru enpresen esperientzia ere eman zuten ezagutzera. OPROMAR enpresako Francisco Teijeirak arrain soberakinei balio erantsia emateko proiektu baten emaitzak azaldu zituen. Hanburgesa edo pintxoak egiteko balio ahal duen arrain masa prestatu batean datza proiektua. PortoMuiños enpresako Manuela Bujan ere izan zen hizlari. Euren produktuak algen kontserbetan oinarritzen direla esan zuen, eta berrikuntza giltzarria dela adierazi zuen. Ocean secrets enpresaren bidea ere ezagutu zuten entzuleek, Andres Blancoren eskutik. Itsasontzian bidaia eginda, «naturagaz bat egiteko» leku bat eskaintzen dutela esan zuten, alde zientifikotik; «esperientzi bat eta baita kultura ezagutzeko aukera bat».
Lea-Artibaik eta Busturialdeak antzekotasun handiak dauzkatela esan zuten, arrantzak eta industria eraldatzaileak bietan daukalako pisu handia. Hortaz, biek protagonista izaten jarraituko dute. Hurrengo hitzordua irailaren 27an izango da, Bermeoko Arrantzale Museoan; eta azkena, berriz Ondarroan; hilaren 28an, Kofradia Zaharrean.