Mutrikuko Ugarein Xistera Zirkuituko partiduak jokatuko dituzte bihar
Donibane Lohizuneko Ugarein Xistera Zirkuituko finalean ariko dira gaur Antxon Alberdi eta Mikel Manzisidor. Lekeitioko Torneoa bihar hasi eta etzi amaituko daAsteburu betea izango du Ugarein Xistera Zirkuituak. Alde batetik, Mutrikuko kanporaketak jok...
Donibane Lohizuneko Ugarein Xistera Zirkuituko finalean ariko dira gaur Antxon Alberdi eta Mikel Manzisidor. Lekeitioko Torneoa bihar hasi eta etzi amaituko da
Asteburu betea izango du Ugarein Xistera Zirkuituak. Alde batetik, Mutrikuko kanporaketak jokatuko dituzte bihar Miruaitz frontoian, eta, bestetik, Donibane Lohizuneko finalak jokatuko dituzte gaur.Mutrikuko kanporaketei dagokienez, partidak bihar 11:00etan hasiko dira. Betiko moduan, bai helduen mailan eta baita ere gazte mailan zortzina bikote ariko dira. Denak ere Xisteraren barruan dauden Euskal Herri osoko hainbat klubetako pilotariak izango direla aurreratu dute antolatzaileek.
Partidak kiniela eran jokatuko dituzte, eta bikoteen zozketa, aldiz, kanporaketa hasi aurretik egingo da. Maila bakoitzeko bi bikote onenek jokatuko dute finala hurrengo astean.
Bertokoak, faborito
Donibane Lohizuneko finalak 20:30etik aurrera jokatuko dituzte. Gazte mailako norgehiagoka jokatuko dute lehendabizi, eta bertan Jouanteguy eta Oyhenard zuberotarrek osatutako bikoteak Vidal bizkaitarraren eta De Betelu lapurtarraren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Maila nagusian ere «final dotorea» iragartzen da. Antxon Alberdi etxebarritarraren eta Mikel Manzisidor mutrikuarraren aurka jokatu beharko dute Iturrino eta Zugaitz lapurtarrek. Berriatuko zesta-punta eskolakoa eta Danok Bat klubekoa kanporaketetako onenak izan ziren.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, finaleko txartela 5 euroren truke salduko da. «Bertan biltzen den diru guztia Fibrosi Kistikoa Elkartearentzat izango da».
Bihar bertan, gainera, Lekeitioko Torneoko kanporaketak ere jokatuko dira 17:00etatik aurrera. Bertan hainbat klubetako ordezkariek parte hartuko dute, eta partiduak kiniela erara jokatuko dira, 15 tantora.
Maila bakoitzeko bi bikoterik onenek etzi eguerdian jokatuko dituzte finalak; 12:00etatik aurrera izango da hori.