Herribusa mantendu behar dela adostu dute
Ondarroako Udalbatzak Herribus zerbitzua mantentzeko apustua egin du. Horren harira, udalbatza osatzen duten bi alderdiek aho batez onartu dute Herribusa herriko mugikortasuna bermatzeko oinarrizko zerbitzua dela. Udal talde guztien adostasuna lortzear...
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azaldu duenez, teknikarien txostenek diotenaren arabera, 50.000 biztanle baino gutxiago duten herrietan ez da derrigorra Herribus zerbitzua egotea. Ondarroan, gainera, Bizkaibus zerbitzua egonda Herribusaren ardura ez litzateke berez udalaren konpetentzia izango, baina Herribusa mantentzea berebizikoa dela nabarmendu du Bedialaunetak. «Gaur egun, udalaren egoera ekonomikoa tarteko, legez udalaren konpetentzia zuzenak ez diren zerbitzuak kolokan jartzera eramaten gaitu, Herribusa izanik zerbitzu horietako bat. Gure akordioa espediente batean jasota gera dadin nahi izan dugu udalbatza osatzen dugun alderdiok».
Urtebeterako kontratua
Zerbitzua, gainera, herriak oraindik dituen irisgarritasun hutsuneak saihesteko ezinbestekoa dela uste dute udalbatza osatzen duten alderdiek. Datuak kontuan hartuta, esaterako, Herribusa da Artabiden bizi diren 1.645 herritarrek bertan kalean eskuragarri duten autobus bakarra. «Bizkaibuseko geltokitik, gutxienez, Artabide kalera joan behar direnek 800 metro eta %4,48ko malda igo behar dute».
Aldi berean, herri irisgarri bat lortzeko planifikazio egoki bat egitea garrantzitsua dela nabarmendu dute. «Jakitun gara egoera ez dela erraza, baina herritarron ongizatea da gure helburua. Pertsonei zuzendutako zerbitzuak ahalik-eta gutxien murriztuz. Horrela ba, argi ikusten dugu, zerbitzua mantenduz biztanlegoaren mugikortasuna bermatuko dugula».
Udalak jakitera eman duenez, zerbitzua hemendik gutxira lehiaketara aterako dute. Aurreratu dutenez, urtebeterako kontratua izango da. Zerbitzua Bustinduik emango du behin-behinean irailaren 16ra arte.