Gora egin du uda sasoian Batzarretxea bisitatu duten atzerritarren kopuruak
45.408 bisita izan ditu udan Gernika-Lumoko Batzarretxeak. Atzerritik etorritako 10.956 bisitari hurbildu dira egoitzara. Europa da nazioarteko bisitari gehienen jatorriaInoiz baino nazioarteko bisitari gehiago jaso ditu aurtengo udan Gernika-Lumoko Ba...
45.408 bisita izan ditu udan Gernika-Lumoko Batzarretxeak. Atzerritik etorritako 10.956 bisitari hurbildu dira egoitzara. Europa da nazioarteko bisitari gehienen jatorria
Inoiz baino nazioarteko bisitari gehiago jaso ditu aurtengo udan Gernika-Lumoko Batzarretxeak; hirugarren urtez jarraian, gora egin du atzerriko bisitarien kopuruak. Bataz beste, eguneko 732 pertsonek bisitatu dute udalerriko foruen egoitza.Bisitari gehien Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietan jaso zituen; abuztuaren 13, 14 eta 15ean eguneko 1.000 bisita baino gehiago izan zituen Batzarretxeak.
Uztailean eta abuztuan, 45.408 bisitari hurbildu dira foru egoitzara denetara, eta horietatik 10.956 Espainiako estatutik kanpoko herrialdeetatik etorritakoak izan dira. Azken urteotako joerari jarraituz, aurten ere, Europa da nazioarteko bisitari gehienen jatorria. Kontinente zaharreko 8.085 pertsona egon dira Batzarretxean, iazko udan baino %3,94 gehiago, hain zuzen.
Gehienak, frantziarrak
Europar gehienak Frantziako estatutik hurbildu dira; 3.205 bisitari zenbatu dituzte denetara. Italiatik etorritako 1.218 pertsonak ikusi dute egoitza, Alemaniatik etorritako 815 pertsonak eta Ingalaterratik etorritako 589 pertsonak.
Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako bisitariei erreparatuz, 2.089 pertsonak ikusi dute Batzarretxea. Guzti horietatik erdia baino gehiago estatubatuarrak izan dira; 1.085 hain zuzen.
Asiako kontinentetik 655 pertsona etorri dira udan, Ozeaniatik 89 eta Afrikatik, aldiz, 38 pertsona.
Euskaldunek ere bisitatu dute Gernika-Lumoko Batzarretxea. Guztira Euskal Herriko 7.126 pertsonek ikusi dute.
6.776 izan dira Herrialde Katalanetatik hurbildutako bisitariak, eta Valentziatik 4.364 gerturatu dira. Andaluziarrak, berriz, 4.350 izan dira. Madrilgo Autonomia Erkidegotik ere etorri dira bisitariak: 4.604 madrildar egon dira Batzarretxea bisitatzen.