Ikuspuntu berrietatik historia ezagutzen
Gernika Gogoratuz elkarteak beste urte batez Erasmus+ programan parte hartu du; taldeak aukeratutako bost gaztek Kroazia bisitatu eta hango giza eskubideak eta memoria historikoa landu dituzte.Gertakizunak lantzerako orduan asko dira gai bati buruz aur...
Gernika Gogoratuz elkarteak beste urte batez Erasmus+ programan parte hartu du; taldeak aukeratutako bost gaztek Kroazia bisitatu eta hango giza eskubideak eta memoria historikoa landu dituzte.
Gertakizunak lantzerako orduan asko dira gai bati buruz aurki daitezkeen ikuspuntuak, ezagutzen direnak edota egia unibertsal modura landutako informazioen atzean geratu direnak.Bidean nahita ezkutatutako informazioak dira horietako batzuk, baina badaude inoiz galdetu ez delako ezagutzen ez diren bizipenak ere. Gertatutakoa aztertu nahi ez denean edo egiten ez denean ezkutuan geratzen diren egiak, hain zuzen.
15 egunetan Kroaziako giza eskubideak eta memoria historikoa lantzeko udaleku bat antolatu zuen Europako Batasuneko Erasmus+ programak, eta bertatik bueltatu dira Gernika Gogoratuz elkarteak aukeratutako bost gazteak; horien artean, Maitane Uriarte taldeko burua, Elia Malaxetxebarria eta Xabier Oianguren gernikarrak, German Azumendi eta Kristina Bilbao bermeotarrak eta Javier Hernandez salamancarra.
Egunero lan dinamika berari jarraituz, sei arlo uztartu dituzte, eta beste herrialdeetako 60 gazte ingurugaz hartu-emana mantendu dute.
Historia museoetan eta espazio publikoetan nola lantzen den ezagutu dute, bai eta ere Kroaziako herritarrek Bigarren Mundu Gerra nola bizi izan zuten. Gainera, gerra osteko diktaduren aztarnen eta estatu sozialisten eraginen berri eduki dute. Horiek guztiak aztertuta, gainera, historia garaikidearen erronkak zeintzun diren edo izan daitezkeen aztertu dute gazteek.
Tokiak ezagutu eta gero, eztabaidak izan dituzte egunero, eta horietan, herrialde bateko zein bestekoen arteko desberdintasunak nabaritzen zirela aitortu dute: «Beste herrialde batzuetako gazteekin hartu-emana edukitzea oso aberasgarria izan da, asko ikasi dugu elkarrekin».
Jugoslavia zaharreko gatazkak bizi izan zituzten herrietan zehar ibili dira gazteak, eta ikusitakoagaz, orain arte Internet eta liburuen bidez ezagutzen zutena «zalantzan jarri» dutela aitortu dute. Ezagutzen den historia beste ikuspuntu batetik ikusi eta narratibak garaiaren arabera aldatzen direla ikasi dute. «Zagrebeko museoen artean, nabariko ezberdintasunak ikusi ditugu, eta norberak nahi duen norabidean bideratzen duela informazioa ikasi dugu; historiaren kontaketa oso subjektiboa dela, hain justu».
Memoria historikoa lantzeko orduan Kroazian zer egin den eta zer egin ez den ezagutu ahal izan dute, eta memoria lanketa ezberdinak jorratzeko aukerez ohartu dira. Bertoko egoerekin alderaketak egin dituzte, eta herriotan zer egin dezaketen ikusi dute, gainera. «Begiak zabaldu arte ez gara gauzetaz ohartzen», aitortu dute. Gainera, historia ez dela museoek kontatzen duten modukoa argudiatu dute, «gertaerak bizi izan dituztenek kontatzen duten modukoa delako». Horrela, testigantzek beste ezerk baino gehiago balio dutela ohartu dira, museoetako kontakizunak baldintzatuta egon daitezkeelako.
Lanketak
Ohiko kontaerez gain, bestelako memoria lanketak egin daitezkeela ikusi dute gazteek; besteren artean, Jasenovac herriko memoria historikoaren lanketagaz ohartu dira horretaz. «Kontzentrazio esparru batean egon ginen bertan, eta espero ez genuen egoera ikusi genuen. Horren sarraskitsua izan den tokia leku baketsua da orain, ohiko kontzentrazio esparruetatik bereizten dena». Han biktimen ahotsei ematen dietela garrantzia azpimarratu dute, eta ez erasotzaileei.
Esperientzia horrek Vucovar hiriko ospitalearen egoeragaz bete-betean talka egiten duela azaldu dute. «Serbioak kriminalizatzera bideratutako museo bat da ospitale hori, ez biktimak gogoraraztea helburu duena».
Horren harira, instituzioek historia lantzeko orduan daukaten botereaz ere jabetu dira: «Eskoletan derrigorrezkoa da Vucovar bisitatzea, baina Jasenovaceko kontzentrazio esparrua, berriz, ez».
Tokien arteko desberdintasunez ohartuta, berdintasunak ere aurkitu dituzte. Lipa herriko egoeragaz identifikatuta sentitu dira gernikarrak, Lipa ere bonbek suntsitu zutelako: «1944. urtean naziek Lipa bonbardatu eta osorik suntsitu zuten, bertako biztanle guztiak hilez». Gerora, azaldu dutenez, bertan jaiotako lehenengo pertsonak biztanleen zuhaitz genealogikoa egin zuen, «egin daitekeen omenaldi handienetako bat». Gainera, ideologiak alde batera utzi eta pertsonei eman ziela garrantzia azaldu dute, lekukotasunak daukan garrantziaz ohartuta.
Adibide horri erreparatuta, Euskal Herrian ere badagoela zer eginik uste dute gazteek, eta horretan sakontzeko prest agertu dira; izan ere, beraientzat Kroaziara egindako bidaia «ikasketa pertsonala izan da». Orain, bakearen alde egin nahi dute, ekimenetan parte hartuz.