Bertsolari gaztetxoen topaleku izan da asteburuan Ajangizko Kanpantxu auzoan dagoen Lurraska ingurugiro zentroa. Hain zuzen, Bizkaiko
120 bertsolari gaztetxotik gora batu dira Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Neguko Bertso Barnetegian.
Ikastetxeetan zein bertso eskoletan bertsotan diharduten gaztetxoek elkar ezagutzea eta ondo pasatzen duten bitartean bertsotan sakontzea dira aipatu ekimenaren helburu nagusiak.
Bariku arratsaldean elkartu ziren, eta domeka eguerdira bitartean jolasak, musika eta hamaika ekintza egin zituzten. Adinaren arabera taldeka bilduta aritu ziren bertsotan. Esaterako, nagusienen taldeak bat-batean trebatzeko aukera eduki zuen; ofizioka zelan hobetu edota gai bati zelan heldu aztertuz.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Zapatu iluntzean bisita berezia izan zuten.
Etxahun Lekue eta Jone Uria bertsolari ezagunak hurbildu ziren Lurraskara. Giro ederra izan zuten bi bizkaitar horiekin egindako bertso afarian.
Bizkaiko Bertsozale Elkartetik adierazi dutenez, bertsolaritza lantzeak aukera ezin hobea eskaintzen die gazteei euskararen erabilera indartu eta jendaurrekotasuna lantzeko. Gainera, asteburu oso bat elkarrekin egoteak harremanak sakontzeko aukera ere ematen die: “Bertso barnetegian egoteak elkarrenganako konfiantza ematen die gaztetxoei, eta hori neurri batean, lagungarri zaie Eskolarteko Txapelketan edota Bertsolari Gazteen BBK Sariketan parte hartzeko”, zehaztu du Idoia Anzorandia bertso irakasle eta antolatzaileak.
Bizkaiko hainbat institututan zein ikastoletan DBHn bertsolaritza lantzen duten ikasleei (batzuk eskola orduetan eta gehienak eskolaz kanpoko ekintzan moduan) zuzendutako egitasmo honen arrakasta nabarmendu dute. Izan ere, neguko bertso barnetegi honetan parte hartzeko izen ematea zabaldu bezain laster bete ziren zerrendak.