Barikuan hasiko dute Gipuzkoan Eskolartekoa 2018 txapelketa
Eskolartekoa 2018 eskolarteko bat-bateko bertso txapelketa hasiko dute barikuan Gipuzkoan; Bizkaian, ostera, apirilaren 19an egingo dute lehen kanporaketa.Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko guneak eskaintzea helburu du txapelketak. Harta...
Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko guneak eskaintzea helburu du txapelketak. Hartara, harremanak egin, euren hurbilekoak bertsozaletu eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikastea ahalbidetuz. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten txapelketa horrek 15 eta 18 urte bitarteko gazteak biltzen ditu.
Lurralde bakoitzak bere txapelketa egingo du, eta horietako zenbaitetan kanporaketak egingo dituzte herriz herri. Gipuzkoakoak izango dira kanporaketa horiek egiten lehenak. Hain zuzen, barikuan egingo dute lehenengoa Zestoan, eta barikuero egingo dute kanporaketa saio bana martxoaren 16ra arte. Idatzizko txapelketan ere egingo dituzte kanporaketok martxoaren 6an Lezon hasi eta martxoaren 16a bitarte. Eskolarteko azken eguneko jaia, berriz, apirilaren 20an egingo dute Lasturren, eta Bertso Eskolen Eguna maiatzaren 6an ospatuko dute Tolosan.
Bizkaian, aldiz, lau kanporaketa saio egingo dituzte bat-batekoan: apirilaren 19an lehena eta 25ean azkena. Horiek guztiak zein herritan egingo dituzten zehazteke dute oraindik. Idatzizkoa, aldiz, finalarekin batera egingo dute maiatzaren 6an, Balmasedan. Egun eta toki horretan, Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute.
Araban, Nafarroan, Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean saio bana egingo dute bat-batekoari dagokionez. Araban, gainera, idatzizko txapelketa ere egingo dute eskualdeka, eta finala maiatzaren 26an egingo dute Gasteizen.
Finala, Saran
Lurralde bakoitzean kanporaketak eginda, ekainaren 9an egingo dute Euskal Herriko eskolarteko bat-bateko txapelketako finala, Saran. Finalistek Ahots Baten sormen egonaldia jasoko dute sari legez. Euskarazko ahots sorkuntzako diziplina ezberdinak biltzen dituen egonaldia da Ahots Baten. «Euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, euren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz» sortu zuen Mintzola Ahozko Lantegiak, elkarte ezberdinen elkarlanaren bidez. 2015ean egin zen lehenenezgoz Gabonetako oporraldietan, eta aurten ere hala egiteko asmoa agertu dute.