Txomin Agirre, San Fidel eta Bera Kruz, First Lego Leaguen
First Lego League gazteek zientziarekiko eta teknologiarekiko jakin-mina pizteko asmoagaz antolatutako nazioarteko lehiaketa da. Zeregin jakin baterako robotak eraikitzea du xedea.Lea-Artibai eta Busturialdeko hiru ikastolak parte hartuko dute bihar Ga...
First Lego League gazteek zientziarekiko eta teknologiarekiko jakin-mina pizteko asmoagaz antolatutako nazioarteko lehiaketa da. Zeregin jakin baterako robotak eraikitzea du xedea.
Lea-Artibai eta Busturialdeko hiru ikastolak parte hartuko dute bihar Gasteizko Europa jauregian InnoBasquek antolatuta ospatuko den sailkapen fasean: Ondarroako Txomin Agirrek, Markina-Xemeingo Bera Kruzek eta Gernika-Lumoko San Fidelek. 85 herrialde baino gehiagoko 320.000 gaztek parte hartuko dute guztira.Lehiaketak parte hartzaile gazteak ingeniari eta zientzialari bihurtzea bilatu nahi du, eta horretarako, antolakuntzak errealitatean oinarritutako arazo bat planteatuko die beraiek robot baten bitartez arazo horri irtenbidea aurkitzeko. Aurtengo arazoak uraren kudeaketaagaz edukiko du zerikusia, eta, horretarako, proiektu zientifiko osoa gauzatu beharko dute. Horrez gain, 10 eta 16 urte bitarteko gazteek eurenganatu dituzten jakintzak baliatuz, Lego Mindstorms teknologia erabili beharko dute Robotaren Jolasa egiteko. Robotak diseinatu, eraiki, frogatu eta programatu beharko dituzte, egungo zientzilarien erronka berak ikertu eta ebazten saiatuz.
First Lego League programa ez da ikasleen arteko lehiaketa soil bat. Lehiaketaren oinarria bere baloreetan datza: beste ikasleengandik ikastea, lehiakortasun adiskidetsua edukitzea edota ikasleak egindako ikasketak gizarteari laguntzera bideratzea.
Prest daude, beraz, hiru ikastoletako ikasleak eta euren entrenatzaile edo monitoreak ikasturtean ikasitako guztia Gasteizen bihar erakusteko.