Berriatuko III. Ipuin eta Marrazki Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik da
Gaia librea da, eta kategoria bietan adin tarteen araberako mailak daude. Apirilaren 27a da lanak aurkezteko azkenengo eguna, eta maiatzaren 3an egingo dute sari banaketa ekitaldiaBerriatuko Udalak hirugarren urtez antolatu du Ipuin eta Marrazki Lehiak...
Gaia librea da, eta kategoria bietan adin tarteen araberako mailak daude. Apirilaren 27a da lanak aurkezteko azkenengo eguna, eta maiatzaren 3an egingo dute sari banaketa ekitaldia
Berriatuko Udalak hirugarren urtez antolatu du Ipuin eta Marrazki Lehiaketa, eta herritarrentzako lanak aurkezteko epea zabaldu dute dagoeneko.Gaia librea dela zehaztu dute, eta ipuinak eta marrazkiak apirilera arte aurkeztu daitezke liburutegian. Hain zuzen, apirilaren 27a da azken eguna. Herritar bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal ditu.
Lanak izenik barik aurkeztu behar dira; liburutegian lanak jasotzerakoan zenbaki bat emango diete partaideei, eta egilearen datuak hartuko dituzte.
Epaimahaia hiru kidek osatuko dute, eta maiatzaren 3an banatuko dituzte lehiaketaren sariak. Oraingo honetan ere, parte hartzaile guztiei diploma bana emango diete.
Marrazkiak Din A-3 tamainako edozein euskarritan aurkeztu behar dira. Teknika librea dela azaldu dute; edozein material erabili ahal da.
Bestalde, euskaraz (bizkaieraz edo batuaz) idatzita dauden ipuinak onartuko dituzte bakarrik. Horiek Din A-4 orrian aurkeztu behar dira, Times New Roman letra tipoagaz (letra tamaina 12 eta lerro arteko neurria 1,5).
Bi kategorietan, hiruna sari banatuko dituzte. Marrazkien kategorian, 5-7 urte mailako onenak 10 euroko erosketa txartela irabaziko du, 8-11 urte mailako irabazleak 20 euroko erosketa txartela jasoko du, eta 12-14 urte mailako lehenengo sailkatuak 30 euroko erosketa txartela hartuko du.
Ipuinen kategorian 8-12 bitarteko onenari 30 euroko erosketa txartela emango diote, eta 13-15 bitartekoari 40 euroko txartela. 16 urtetik gorakoen irabazleak 150 euro jasoko ditu.
Iaz 31 lan aurkeztu zituzten; 8 marrazki eta 23 ipuin. Lanen maila «oso altua» izan zela nabarmendu zuten.
Eguaztenean ikastaroa
Ipuinak aurkezteko asmoa dutenek datorren asteko ikastaroan izango dute trebatzeko aukera.
Izan ere, ipuinak eta narrazioak idazteko ikastaroa emango dute eguaztenean [otsailak 14]. 8 urtetik gorakoei zuzendutako saioa izango da, eta adinaren arabera egingo dituzte taldeak.
Maribel Aiertza Rementeria idazle berriatuarrak emango du ikastaroa, 18:00etatik aurrera.