'Aterabidetik' dokumentala emango dute Uhagonen
Sare Gernika-Lumok ekoitzitako Aterabidetik dokumentala ikusi eta lanaren nondik norakoak ezagutzeko aukera egongo da bihar, 19:00etan, Uhagon kulturgunean. Preso politikoen sakabanaketak Gernikan eragin duen egoeraren berri emateko 25 gernikar baino g...
«Puzzle bat egin dugu. Ikus-entzunezkoetan lanean murgilduak dauden hainbat gernikarren artean garatua. Norberak bere begirada eskaini dio, bere ekarpena. Berea egin du partaide bakoitzak, eta emaitza 28 bat minutuko film labur hau da», azaldu dute egileek. Besteak beste, Josu Goikoetxea gidoilariak, Mikel Beaskoa, Zigor Etxebarria, Xabi Crespo eta Amaia Badiola errealizatzaileek, Paul Arzanegi trantsizio eta kredituen lanaren egileak, Gaizka Insunza musikariak, Asier Musatadi eta Hibai Muniozguren grafistek, Javier Etayo marrazkilariak eta parte hartzaileek osatzen dute ikus-entzunezkoa.
Hiru atal
Dokumentalak hiru atal ditu: Bezpera; Umeak eta dispertsioa eta Bisita. Lehenengo atalean (Bezpera), Oka errekaren hegaletik pasieran dabilen preso baten senide baten (Pantxoa Gandarias) pentsamenduak gailentzen dira. Espetxeari lotutako ardura eta buruhausteek gogoetarako bidea ematen diote. Hala, ibiltzen doan bitartean, elkartasuna adierazten dion emakume batekin (Crecesen Nogales) egiten du topo.
Bigarren atalak (Umeak eta dispertsioa), berriz, 32 urtean pediatra izandako Txabi Txakartegi lekeitiarraren ikuspegia biltzen du: batez ere, umeei lotutako datu, informazio eta errealis- moa eskainiz.
Hirugarren eta azken atalean (Bisita), Valladolideko (Gaztela eta Leon, Espainia) espetxera egindako bidaia erakusten dute. Busturialdean ezaguna den Jose Antonio Bastegietak (Marko) Alfon Sebastian presoaren bikotekide Izaro Lopez eta horien alaba Aiora Sebastianekin egiten du bidaia, eta bere esperientziaren bitartez, dispertsioa zer den erakusten du.
Azken trantsizioan, halaber, Jabier Abaunza presoaren ama Trinidad Martinezen irudiak ikusi ahal dira; «haren begirada, gorputza, zimurrak, barkamen eza».
Otsailaren 10ean egin zuen Sare Gernika-Lumok Aterabidetik lanaren estreinaldia, eta ordutik, hainbat herritan ikusi ahal izan dute dispertsiometraia. Ondarroako Marabilli festibalean eta Lekeitioko Zine Bileran ere eman zuten.