«Goi mailako puntisten aurka jokatzea gustatuko litzaidake »
Profesional mailan udan debutatu ondoren, Mexikon arituko da lehen mailako puntistekin Roke Alberdi gernikarra. Hurrengo astean bidaiatuko du Mexikora bi hilabete eta erdirako.Afizionatu mailan jokatzen urteak igaro ondoren, puntista onenen aurka aritz...
Profesional mailan udan debutatu ondoren, Mexikon arituko da lehen mailako puntistekin Roke Alberdi gernikarra. Hurrengo astean bidaiatuko du Mexikora bi hilabete eta erdirako.
Afizionatu mailan jokatzen urteak igaro ondoren, puntista onenen aurka aritzeko aukera aprobetxatuko du Roke Alberdik (Gernika-Lumo, 1994) Mexikon. Ozeano Atlantikoa zeharkatuko du txikitatik jarraitu dituen izen handiko pilotarien bikote zein aurkari izateko. Bi hilabete eta erdiko kontratuarekin abiatuko da gernikarra Mexikora hurrengo astean. Profesional mailan esperientzia hartzea eta ondo jokatzea helburu izanda joango da Alberdi.Mexikon jokatzeko aukera sortu zaizu eta bertara zoaz, zesta puntako profesionalekin lehiatzera. Zer sentitzen duzu?
Ilusio handiz hartu dut Mexikora joatearen ideia, profesional esperimentatuekin lehiatzeko aukera izango dut-eta. Lau hilabeteko denboraldiak dira Mexikon jokatzen direnak eta nik, beste puntista batzuen moduan, bi hilabete eta erdiko kontratua daukat, denboraldi erdikoa. Hori bukatzean, gu ordezkatuko gaituzten beste puntista batzuk abiatuko dira Mexikora.
Ozeano Atlantikoa zeharkatzera zoaz profesional mailan jokatzeko. Erabaki erraza izan al da Mexikora joatearena?
Gertaera batzuen ondorioa izan da dena. Hasieran, Miamira joatekoa nintzen baina bisarekin arazoak izan nituenez, profesionalen mailan jokatzeko aukera bakarra Mexikora joatea zen.
Denbora asko igaro al da Mexikora joatearen aukera sortu zitzaizunetik hona?
Mexikora joatearen aukera urrian sortu zen. Erabakia ondo pentsatu nuen eta bi aste igarota, aurrera pausoa ematea eta Mexikora bidaiatzea erabaki nuen. Orain, astebete besterik ez da geratzen ozeano atlantikoa zeharkatzeko.
Nola ikusten duzu Mexikon dauden puntisten maila eta zesta puntaren egoera?
Mexiko beti izan da zesta puntaren hiriburua. Azken urteetan frontoia itxita egon da baina joan den urtean berriro ireki zuten eta maila handiko puntistak eraman zituzten bertara. Aurton, Goikoetxea, Irastorza, Egiguren edota Ekhi bezalako izen handiko puntisten alboan egongo naiz. Beraiengandik asko dut ikasteko eta ilusio asko egiten dit beraien aurka lehiatzeko aukera izateak.
Zein helbururekin zoaz Mexikora?
Helburu nagusiak asko ikastea, ondo pasatzea eta partidu onak jokatzea dira. Nire joko maila igo nahi dut eta hori lortzean, goi mailan mantentzea lortu. Izan ere, udan etxera bueltatzean ahalik eta puntu gorenean egon nahi dut etxean jokatuko diren partidetan lehiatzeko aukera izateko.
Helburuak aipatuta, puntista moduan zein da zure ametsa Mexikon aritzerakoan?
Goikoetxearen aurka jokatzea izango litzateke nire ametsa, Lopez edo Irastorza bikotekide edukita. Goi mailako pilotarien aurka jokatzea gustatuko litzaidake, irabaztea zein galtzea alde batera utzita.
Bertan aritu izan diren eta ezagutzen dituzun beste puntistek Mexikori buruzko aholkuak eman al dizkizute?
Bertan aritutakoek frontoia handiagoa eta biziagoa dela esan didate. Gernikako frontoia baino 6 metro luzeagoa dela eta bi mila metroko altueran kokatuta dagoela. Baldintza horietara ohitu gabe egoteak, eragina du gorputzean, fisikoki lehenago nekatzea dakar-eta. Fisikoki ahalik eta prestatuen joatea eta partidak jokatu baino lehen bertan entrenatzea gomendatu didate lagunek. Toki guztietan gertatzen den bezala, baldintzetara egokitu beharra dago.
Udan afizionatuen maila alde batera utzi eta profesional bezala debutatu zenuen Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Grand Slamaren atariko partida jokatu zenuen Lekerikarekin batera. Orain, denbora igarota, nola gogoratzen duzu esperientzia hura?
Profesional moduan Gernikan debutatu nuen abuztuaren 5a egun berezia izan zen niretzako. Lekerikagaz jolastu nuen, nire kuadrillako puntista ikaragarriarekin. Berarekin bikote modura jokatzea oso erraza da, ondo ulertzen gara-eta. Lekegaz debutatzea, Gernikako frontoian izatea debuta, eta frontoia jendez beteta ikustea oso hunkigarria izan zen. Galdu egin genuen, penaz, baina partida ona jokatuta. Hurrengo astean, abuztuaren 12an, errepikatzeko aukera izan genuen eta orduan bai, irabazi. Egun hartan, sarrera guztiak agortu ziren eta pozik atera ginen frontoitik. Lan ona egin genuela gogoratzen dut.
Abenduan Enbilen bikote bezala aritu zinen bere agurrean. Enbil pilotari agur esanez eta zu hasiberri profesionaletan.
Egun hura ere oso berezia izan zen niretzako. Enbil 8 urte nituenetik frontoian jokatzen ikusi izan dut eta bere agurraren egunean beragaz jokatzeko aukera izatea oso pozgarria iruditu zitzaidan. 21 urteko ibilbidea duen zure idoloetako batekin jokatzea edozein gaztek espero dezakeen momentua dela uste dut.
Zure ibilbidea nola laburtuko zenuke? Afizionatu mailan partidu asko jokatu dituzu, baita txapelketak irabazi ere.
8 urte ingururekin hasi nintzen zesta puntan jokatzen eta Bizkaiko txapelketetan beti irabazteke egon izan gara edo irabazle atera. Beti saltsa guztietan sartuta ibili izan naiz. Euskal Herriko txapelketa bat ere badaukat irabazita eta Bizkaiko selekzioarekin ere aritu izan naiz probintzia artekoan. Urteak igaro ahala, pausoz pauso txapelketa desberdinetan parte hartzen ibili naiz, profesionaletara igarotzeko pausoa ematera arte. Ikasketak beharrezkoak direla eta, lehentasuna eman izan diet. Orain dela bi urtetik hona aldiz, ikasketak bukatuta, zestan aurrera egitea erabaki nuen eta afizionatu mailatik profesionaletara igaro naiz.
Zeintzuk dira erreferente modura umetatik eduki dituzun puntistak? Orain beraien alboan jokatzen ibiliko zara-eta.
Goikoetxea, Irastorza, Enbil eta Diego Beaskoetxea dira gehien jarraitu ditudanak. Mexikon jokatzen dutenen artean Goikoetxea, Irastorza, Egiguren eta Lopez azpimarratuko nituzke, izen handiko pilotariak baitira. Goikoetxeak ikaragarrizko ahalmena du pilotarekin, frontoi osora zabaltzen da eta eskuma oso ona du. Lopez eta Irastorza gorputzez oso handiak dira eta pilota ondo sartzen dute frontoian, baita kendu ere. Atzelari batek bere lana ondo egitean, aurrelariak abantaila lortzen du. Oso pilotari onak dira, guztien ahalmena nabarmenduko nuke.