Lekeitioko odol emaile kopurua handitzeko kanpaina egin dute ikasleek
R.M. Azkue ikastolako DBH2ko ikasleek egin dute kanpaina. Herriko odol emaileen elkarteko lehendakariak eskerrak eman eta kanpainak emaitza onak izan dituela azaldu duLekeition odola oso pertsona gutxik ematen dutela ikusita, Zerbikas proiektuari jarra...
R.M. Azkue ikastolako DBH2ko ikasleek egin dute kanpaina. Herriko odol emaileen elkarteko lehendakariak eskerrak eman eta kanpainak emaitza onak izan dituela azaldu du
Lekeition odola oso pertsona gutxik ematen dutela ikusita, Zerbikas proiektuari jarraituz, herriari zerbitzu solidario bat eskaini eta behar horri erantzun bat eman nahi izan diote aurten R.M. Azkue ikastolako DBH2ko ikasleek. Horrela, herriko odol emaile kopurua handitzeko sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuten abian, eta, bide batez, odola emateak daukan garrantzia ezagutu dute.Kanpaina aurrera eramateko, hainbat ekintza burutu dituzte: Gaian sakontzen hasteko, Eli Bengoetxea erizaina eta Marijo Artola biologiako irakaslea gonbidatu zituzten, eta, ondoren, Xabier Txakartegi Lekeitioko Odol Emoileen Elkarteko lehendakariagaz batu ziren, herriko egoera ezagutzeko. Informazioa jasota, eta kanpaina zelan bideratu zehaztu asmoz, Alejandra Goikoetxea kazetariagaz bildu eta kanpaina gauzatzen hasi ziren.
Datuak jaso eta gero, kartel batzuk itsatsi zituzten kaleetan zehar. «Lehenengo karteletan informazio gutxi jarri genuen, eta asteak pasatu ahala informazioa gehitzen joan ginen».
Kanpainaren emaitzak
Hilean behin odol emaileen elkarteak egindako kartelak ere itsatsi dituzte herrian, eta azken hilabeteetan, informazioa eskaini dute Eskolapean dagoen pantailan, udalaren baimenagaz.
Ikasleek egindako lanak izan du erantzuna; Xabier Txakartegik eman dizkien datuen arabera, emaile kopurua igo egin da: 2016an zortzi lagun berri hasi ziren odola ematen, 2017an beste hamar eta 2018ko lehen hilean beste zazpi. «Espero dugu kopuru hau igotzen joatea», diote gazteek.
Txakartegik ikasleek egindako lana eskertu du. «Urtearen lehen hilabetean zazpi emaile berri egotea ez da sarri gertatzen». Gaur egun, 300 odol emaile inguru daude Lekeition, eta berrien premia azpimarratu du.