Basurdeak puntu bakarragaz bueltatu dira Madriletik
Gernika RTk 39-26 galdu zuen Complutense Cisnerosen kontra Madrilen, zapatuan. Hain zuzen, urtarrileko lehen asteburuan atzeratu zuten 13. jardunaldiari dagokion partidua izan zen.Erasoko puntu gehigarria eskuratuta, puntu bat gehiago dauka talde gerni...
Erasoko puntu gehigarria eskuratuta, puntu bat gehiago dauka talde gernikarrak orain, eta Heineken Ligaren sailkapenean zortzigarren postuari eusten dio, 29 puntugaz. Atzetik puntu kopuru beragaz dago talde madrildarra.
Zapatuko partiduari dagokionez, bigarren zatian hobeto jokatu zuten basurdeek, baina lehen zatian etxekoek lortutako errenta gainditzea ezinezkoa izan zitzaien.
Ikasgaia ondo jakinda zelairatu ziren madrildarrak, eta lehen minutuan heldu zen partiduko lehen entsegua. Gernikarren hutsegite bat ondo aprobetxatu zuen Sorianok, eta baloiagaz jabetu eta marka lerroa gainditu zuen. Nortonek transformatu eta 7-0 aurreratu ziren.
Hurrengo minutuetan lehiakor jokatu zuten bi taldeek. Etxekoen entseguarengandik lau bat minutura, ondo landutako jokaldi batean markagailua berdintzeko aukera izan zuten basurdeek, baina ez zuten jokaldia borobiltzea lortu.
Eduardo Maidagan eta Nico Martinezen jokalariek ez zituzten ondo aprobetxatu erasoko jokaldiak. Hala ere, zenbait momentutan madrildarrak geldiaraztea lortu zuten. Ez zen nahikoa izan, eta etxekoek arrisku jokaldi asko sortu zituzten.
Ordu laurdena beteta zela, Complutense Cisnerosek bigarren entsegua egin zuen (14-0). Bost minuturen buruan, bi entsegu egin zituen etxeko taldeak.
19-0ko markagailuagaz zeudela, kolpe latza jaso zuen Gernika RTk. Mateo Bast kapitainari epaileak txartel horia erakutsi, eta jokalari bat gutxiagogaz geratu zen 22. minutuan. Hala, Nortonek ez zuen hutsik egin, eta beste hiru puntu eskuratu zituen.
Basurdeek ez zuten amore eman, eta 33. minutuan entsegu moduan heldu zitzaien saria (22-5). Atsedenaldirako minutu baten faltan, etxekoek erasoko bonusa bermatu zien beren laugarren entsegua egin zuten.
27-5eko markagailuagaz hasi zuten bigarren zatia, eta etxeko taldeak lehen zatian egin moduan, talde gernikarrak entsegua egin zuen bigarren zatiko lehen minutuan. Hori gutxi ez, eta bost minutu beranduago, beste entsegu bat lortu zuen (27-19).
Lehiakor azken unera arte
Bigarren zatiaren hasiera bikainaren ostean, partidua apurtu zuen jokaldia heldu zen. Complutense Cisneroseko Nortonek entsegua egin eta berak transformatu zuen. Jokaldi erabakigarria izan zen.
Beste entsegu bategaz markagailuan aldea handitu zuten etxekoek (39-19), eta Gernika RT jokalari bat gutxiagogaz geratu zen; Mercantiri txartel horia atera zion epaileak. Hala ere, lehia amaitu aurretik basurdeek beste entsegu bat lortu zuten.