Murueta taldea laugarren sailkatu da 600 kiloko lehen jardunaldian
Goma Gaineko Euskadiko Txapelketaren, emakumezkoen 540 kiloko kategoriaren finala eta gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia jokatu zituzten zapatuan Bilboko El Fango kiroldegian.Mutiletan Ibarra izan zen A multzoko onena, eta B multzoan, ostera, Bet...
Mutiletan Ibarra izan zen A multzoko onena, eta B multzoan, ostera, Beti-Gaztek eskuratu zituen puntu gehien. A multzoan Murueta sailkatu zen Ibarraren atzetik, eta Txantrea izan zen hirugarrena. B multzoan Gaztedi geratu zen bigarren, eta Busturialdeko hainbat sokatiralari dauden Sokarri izan zen multzoko hirugarrena.
Jarraian, multzoetako lehenengoak elkarren kontra lehiatu ziren, eta gainontzeko sailkatuek ere gauza bera egin zuten; hau da, postu beretan gelditutakoak elkarren kontra aritu ziren. Ondorioz, 11 puntu bilduta, Ibarra nagusitu zen 600 kiloko lehen jardunaldian.
Murueta laugarrena izan zen (8 puntu), eta atzetik Sokarri sailkatu zen (7 puntu).
600 kiloko bigarren jardunaldia zapatuan 17:00etatik aurrera lehiatuko dute Bilboko Casilla kiroldegian, eta finala, ostera, Ibarran izango da otsailaren 17an.
540 kiloko txapela Arabara
Bestalde, nesken 540 kiloko finalari dagokionez, Badaiotz talde arabarrak irabazi du aurtengo txapelketa. Hain zuzen, kategoria horretako hiru jardunaldietan onena izan da Badaiotz.
12 puntugaz nagusitu da Arabako taldea. Gaztedi talde bizkaitarra bigarren geratu da, 9 puntugaz, eta Ibarra talde gipuzkoarra izan da hirugarren sailkatua. 6 puntu bildu ditu Ibarrak, Nafarroako Beti-Gazte laugarren sailkatuak baino hiru puntu gehiago.
Emakumezko taldeek 500 kiloko kategoria dute orain. Hain zuzen ere, zapatu arratsaldean Casillan lehiatuko dute kategoria horretako lehen jardunaldia. Sei talde hauek izena eman dute: Badaiotzek, Gaztedik, Ibarrak, Berriozarrek, Beti-Gaztek eta Txantreak.