Izerdi tanten aldarrikapena
Bigarren urtez antolatu dute Etxera Trail, eta iaz baino jende gehiago batu du deialdiak. Mendian, kirolean, euskal presoen eskubideen alde egin dute bederatzirehun parte hartzaileek.Pausoz pauso, eta pauso bakoitzagaz botatako izerdi tanta bakoitzagaz...
Bigarren urtez antolatu dute Etxera Trail, eta iaz baino jende gehiago batu du deialdiak. Mendian, kirolean, euskal presoen eskubideen alde egin dute bederatzirehun parte hartzaileek.
Pausoz pauso, eta pauso bakoitzagaz botatako izerdi tanta bakoitzagaz elkartasuna adierazi zuten bederatzirehun lagun inguruk domekan, Gernika-Lumoko inguruetatik. Bigarrenez antolatu dute Etxera Trail, eta presoen afera gizarteratuz, Frantziako eta Espainiako espetxeetan dauden euskal herritarren eskubideen aldarrikapena kirola eginez zabaldu dute.Mendi martxetan zein lasterketan, iaz baino jende gehiago batu ditu Etxera Trailek. Preso dituzten euskal herritarrak herriratzeko aldarrikapena. 330 inguru izan ziren atzoko mendi lasterketarako izena eman zuten korrikalariak. Gainontzekoek martxa luzea eta laburra egin zuten. Hala, antolatzaileak pozik daude aurten Etxera Trailek izan duen harreragaz.
09:15ak aldera eman zioten hasiera martxa luzeari, presoen aldeko bandera erraldoia zabaldu ostean. Mendi lasterketako korrikalariak 10:00etan atera ziren, eta horiek kartzelen barroteen itxura zuen paperezko horma apurtu eta zeharkatu zuten irteeran. Mendi martxa laburrari 10:30ean eman zioten hasiera.
Lasterketa baino gehiago
Xabi Lete eta Imanol Goñi izan ziren 16 kilometroko ibilbidearen helmuga zeharkatzen lehenak. Elkarregaz heldu ziren natxituarra eta oñatiarra 1.19.47ko denbora eginez; eta elkarregaz helmugaratu ziren, baita ere, hirugarren eta laugarren sailkatu ziren Iurgi Etxeandia zornotzarra eta Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra (1.21.52). Aitor Uriarte gernikarrak egin zuen gizonezkoetan bosgarren. Letek azaldu le- gez, lasterketaren izaera kontuan hartu eta txapela herrian uztea erabaki zuten. Goñik, bestalde, antolatzaileak zoriondu zituen, presoen gaia kirol arlora eramaten asmatzeagatik.
Nesken artean Oihana Azkorbebeitia (Abadiño) izan zen azkarrena herenegungo lasterketan, 01.29.20ko denbora eginez. Bigarren eta hirugarren postuak bi gernikarrentzat izan ziren: Oihane Perez (01.43.06) eta Oihane Orue (01.45.12). Irati Apraiz gernikarra ere lehen bost nesken artean helmugaratu zen.
Mendi lasterketetan goi-goian ibiltzen diren korrikalariak ere izan ziren, Zigor Iturrieta eubatarra eta podiuma egin zuen Oihana Azkorbebeitia abadiñarra, kasurako. Biek ere lasterketa entrenamendu modura hartu zuten, baina gozatzeko modukoa izan zela esan zuten. Era berean, probaren esanahia eta sinbolismoa ere nabarmendu zuten, euren aletxoa jarriz.
Senideekiko elkartasuna
Giro ederrean eta eguraldi onagaz egin zituzten probak. Bidean lokatza aurkitu arren, ibilbidean gustura ibili ziren asko eta asko. Irteera bezala, Pasealekuan jarri zuten helmuga, eta sariak zotz egin ostean, 13:00etan egin zuten ekitaldia. Aurten presoen senideei omenaldi xumea egin gura izan diete antolatzaileek, «kartzelak ez duelako aurpegi bakarra, eta hori ondo dakite senideek, motxiladun umeek eta euren eskuetatik helduta batetik bestera dabiltzan amak, amumak edota izekoak». Haiei guztiei behar besteko aitortza ez zaiela egiten esan, eta jendartearen konpromisoa eskatu zuten, «beharrezkoa delako».