Udalak bidalitako galdetegiaren «argitasun falta» salatu du EH Bilduk
Udalak etxebizitzetara bidali duen galdetegia «korapilatsua eta manipulatzailea» izan dela uste dute koalizioko zinegotziek, eta «lardeskeria» izan dela gaineratu duteMundakako EH Bilduk udalak etxebizitzetara bidalitako galdetegiaren aurkako jarre...
Udalak etxebizitzetara bidali duen galdetegia «korapilatsua eta manipulatzailea» izan dela uste dute koalizioko zinegotziek, eta «lardeskeria» izan dela gaineratu dute
Mundakako EH Bilduk udalak etxebizitzetara bidalitako galdetegiaren aurkako jarrera agertu du prozesuaren hasieratik. «Parte hartzearen alde gaude, eta urteak daramatzagu mota honetako ekimenak eskatzen. Hala ere, aipatu galdetegia korapilatsua eta manipulatzailea zen, eta ez zen batere argia», kritikatu dute.Galdetegia erantzun duten herritarrek agertutako interesa eskertzekoa dela uste dute. Hala ere, EH Bilduk argi dauka galdeketa «demokratikoki zein teknikoki begiratuta, lardeskeria bat» izan dela.
EH Bilduren arabera, arreta deitzen du «galdeketa populistak eduki duen parte hartze eskasak (%10,9)». Eta, horri buruz alkateak egin duen irakurketa adeitsua «harritzekoa» dela uste du: «Ez dugu uste arrakastatsua izan denik, eta txalotu beharrean, udalak autokritika sakona egin beharko luke».
Herritarrak kexu
Mundakako bizilagun asko, gainera, kexu direla jakitera eman dute, ez dutelako etxebizitzetan galdeketarik jaso. «Herritar guztiek eduki beharko lituzkete eskubide berak, bai eta iritziak emateko erraztasunak ere». Hori akats larritzat jo dute.
«Udalak kritika asko jaso ditu Florentino Larrinaga kalearen noranzkoa aldatzeagatik, edukiontzioak Talaiako aparkalekura lekualdatzeagatik eta aparkalekuak kentzeagatik. Hori guztia Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) osatzen duen udal gobernuak erabakitakoa da, inori galdetu barik, eta udal batzordeetan edota osoko bilkuretan eztabaidatu barik. Hortik dator herri galdeketa egitearena», argitu gura izan dute EH Bildukoek.
Galdetegiko galdera zarratuak «maltzurrak eta zuzenduak» izan dira koalizioko zinegotzien arabera. «Argi utzi gura dugu, Mundakako Udalak ez diola tasarik ezarri Mundaka Festivali. Galderetako batean agertzen diren datuak, hortaz, datuak baino ez dira. Bestalde, gaineratu gura dugu, udaleko idazkari berriak EH Bilduri arrazoia eman diola, eta haren iritziz ere, ez da legezkoa Emankor Sarearen zerga salbuespena». Mundaka Festivali buruzko galderan, gainera, «kaleen eta kiroldegiaren itxiera, segurtasun eta garbitasun langile estrak, argia, ura eta aparkalekuak» ez direla aipatu ere egiten kritikatu dute.
Azaldu dutenez, EH Bildu ez dago Mundaka Festival ospatzearen aurka; data aldaketa bat, hala ere, ondo legokeela uste dute. Ekaina edo iraila egokiagoa irizten zaie: «Oihartzuna handiagoa litzateke, eta herrian sortzen diren arazoak gutxituko lirateke; aparkalekuak, autoen zirkulazioa…».
Parte hartzeko aukerarik ez izatea kritikatu dute: «Edukiontzien aldaketagaz argi utzi digute udal gobernuak erabaki eta gauzatu egiten duela informaziorik eman barik eta besteei batzordeetan parte hartzeko aukerarik eman barik». Ustekabea, orain, herriak «berba egin duela» da; «ez dituzte aldaketak gustuko izan». Horren harira, zalantza bat baino gehiago jarri dituzte mahai gainean: «Zer gertatuko da orain? zenbateko kostua suposatu du honek guztiak mundakarrentzat?».
Barrakak jarri behar diren ala ez galdetzen zuten galdetegian, eta horri buruzko iritzia ere eman gura izan dute: «Alkateak gasolindegira argia eramateak suposatzen duen kostuaren berri baino ez du ematen. Ez dugu ulertzen, zergatik ez duten jabeagaz beste mota bateko kontratua negoziatzen, beste batzuekin egiten duten legez, eta zergatik ez duten aparkalekua ego- kitzen. Horren ordez, Errekan jartzen dituzte».
Parte hartzea «horren eskasa» izanik, emaitzak «sakonean baloratzea oso zaila» dela azaldu dute: «Erabateko porrota izan da». Mundakako Udalari eskatu diote herritarren parte hartzea bultzatzen jarrai dezala, baina parte hartze hori «gardena, informazioagaz eta bermeekin» izan dadila.