Hozkailuan heltzen den adiskidetasuna
Hogei urteren ostean elkartzen diren bi lagunen istorioa dakar Huts Teatrok Bermeoko Nestor Basterretxea aretora. Ander Lipus eta Patricia Urrutiak lagun izatea zer den erakutsiko dute.Umore beltzaren ukituagaz, hozkailuaren hoztasunetik, baina lagun a...
Hogei urteren ostean elkartzen diren bi lagunen istorioa dakar Huts Teatrok Bermeoko Nestor Basterretxea aretora. Ander Lipus eta Patricia Urrutiak lagun izatea zer den erakutsiko dute.
Umore beltzaren ukituagaz, hozkailuaren hoztasunetik, baina lagun arteko hurbiltasunak sortzen duen berotasuna- gaz. Formatu txikiko antzezlana da Ander Lipus aktore markina-xemeindarrak oraingoan aurkeztu duena. Artedramak ekoiztuta, Huts Teatroren izenpean ari dira biran. Lipusek azaldu legez, formatu txikiagoko obra sortzea zen asmoa, horrek aukera gehiago eman ditzakeelako eta leku gehiagotara heltzea posible egiten duelako, herri txikiagoetara, hain zuzen ere. Unai Iturriaga bertsolari durangarrak idatzi du gidoia, eta gustura dabiltzala esan du Lipusek: «Jendeak oso ondo hartzen duen lana da, eta espero dugu berdin jarraitzea».Gabonetan geldialdia egin ostean, aretotik aretora dabiltza berriro. Hogeita hamar bat emanaldi eskaini dituzte dagoeneko, eta beste horrenbeste edo gehiago nahiko lituzketela esan du aktoreak; ehunera heltzea ondo legokeela dio, eta horretarako presarik ez daukatela.
Barikuan Bermeon egongo dira, 21:00etatik aurrera, Nestor Basterretxea aretoan. Gernika-Lumon ere antzeztuko dute obra, otsailaren 3an, 20:30ean, Lizeo antzokian.
Laguntasunari gorazarre
Lagunen arteko harremana da Hozkailua obrak kontatzen duena. Aspaldiko lagunak dira Karlos eta Maite; sasoi batean punkiak izan ziren. Hogei urte egingo dituzte elkar ikusi barik, eta bat-batean, Maitek Karlosi deituko dio, Hendaian dagoela, hozkailu bategaz. Maitek bien lagun min Jimmyren hilotza dakar hozkailu barruan. «Lagun onak ziren hirurak, baina ez Karlosek ez Maitek ez dakite Jimmyren herria zein den, bertan lur emateko».
Hozkailuagaz hara eta hona, hilotza eta garagardo latak barruan, sasoi batekiko kutsu nostalgikoa ere nabari daiteke obran. Antzezlana girotzen duten abestiek ere garai hartara jauzi egiteko aukera emango diote publikoari. «RIP, Kortatu, The Clash, Eskorbuto, Hertzainak, Baldin Bada… Bizi nahi dut…. abestia agertzen da obran. Maite eta Karlosentzako badu abesti horrek halako oroitzapen berezi bat».
Istorio gaurkotua
Ordubeteko obra eta bi pertsona kontakizun osoa antzezteko. «Exigentea da, egia da. Biak bata besteari entzuten, batzuetan oihukatzen. Hala ere, asko gozatzen dugu», dio Lipusek.
Istorio polit eta samurra da publikoak ikusiko duena, baita adin tarte bateko pertsonek dituzten kezkak ere. «45 urte inguru dituzte pertsonaiek, eta badaude galdera batzuk, beharbada, gazteago edo nagusiagoek ez dituztenak; aitatasunaren eta amatasunaren gaia, esaterako».
Gaur egungo gizarteari ere kritika egiten dio, zelanbait, obrak. Bi pertsonaiaren gorabeherak barik, bi pertsonaren gorabeherak erakutsiko ditu lanak.
Manex Fuchsen zuzendaritzapean, musika ondarrutarrek jarri dute: Asier Ituartek sortu du musika, eta Keu Agirretxeak sartu dio gitarra.