Markina-Xemeingo Udalak Artibai kalea ixtea erabaki du
Herri barruko zirkulazioa zuzentzeko neurriak hartu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Artibai kalea Arretxinagako bidegurutzetik Vega pareraino oinezkoek lehentasuna duten gunea bada ere, gero eta gehiago direla dio udalak, bertatik igarotzen diren ibilgai...
«Oinezkoek lehentasuna duten Artibai kaleko zatian garajea daukatenak beste alderditik sartuko dira, eta zamalanak egin behar dituztenak ere bai», zehaztu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Norabide aldaketa egongo da, beraz. Orain arte debekatuta egon da Arretxinaga Etorbideko bidegurutzetik Artibai kalerantz aurrera egitea, eta, momentuz, bertan jarraitzen du seinaleak. Baina laster, handik sartu beharko dira garajeetara edo zamalanak egitera doazen ibilgailuak.
Zamalanetarako beharrezkoa den denbora egin ahalko dute ibilgailuek kale tarte horretan, baina alkateak azpimarratu duenez, ezin izango da bestela bertan aparkatu. «Arazoa gero eta handiagoa izaten ari da, eta jadanik autoak Okerra Kalera ere sartzen hasi dira». Beraz, jarrera desegoki horiek saihesteko, Okerra kalea ere zarratu egin dute pibotagaz, eta Osteko kalean ere lehen zeuden lorontzien erdian jarri dute beste bat.
Alkateak zehaztu duenez, behar izanez gero, izan daiteke jaietan bertatik igaro ahal izatea, baina egunerokoan kendu nahi dute zirkulazioa. «Oinezkoek nagusitasuna izatea bermatu behar dugu».
Bestalde, Goiko Portalean zamalanak egiteko ordutegia ere mugatua dela gogora ekarri du udalak, eta horretarako ordutegiaren seinalea jarri zuten udaletxe ostean. Horrez gain, udaletxe aurreko plazara sartzeko dagoen pibot altxagarriaren giltza aldatuko dutela jakitera eman dute.
Izan ere, gero eta sarriago sartzen ari dira ibilgailuak plazara, ezarritako ordutegitik kanpo. «Giltza erabilita edozein ordutan sartzen dira ibilgailuak zamalanak egiteko». Hori dela eta, hemendik aurrera giltz bakarra udaltzaingoak izango duela esan du Txurrukak.
Beraz, Goiko Portalera 08:00etatik 14:00etara sartu ahalko da, eta ordutegi horretatik kanpo sartzea beharrezko duenak udaltzaingoarengana jo beharko du.