Plazak eta Mujikak errekor berria ezarri dute bigarren Kalamua jaitsieran
42 korrikalarik parte hartu dute, 37 gizonezkok eta 5 emakumezkok. Juan eta Jesusa Aranzetak irabazi dute Briska Txapelketa. Jubilatuen bazkaria izango dute biharII. Kalamua-Barinaga jaitsieraren podiumaren gorenera igo dira berriro Joseba Plaza markin...
42 korrikalarik parte hartu dute, 37 gizonezkok eta 5 emakumezkok. Juan eta Jesusa Aranzetak irabazi dute Briska Txapelketa. Jubilatuen bazkaria izango dute bihar
II. Kalamua-Barinaga jaitsieraren podiumaren gorenera igo dira berriro Joseba Plaza markina-xemeindarra eta Mayi Mujika elgoibartarra, eta biek ala biek hobetu egin dute iaz egin zuten denbora. Plazak 00.11.13ko denboran amaitu zuen zapatuan mendi ibilbidea (iaz 00.11.59) eta Mujikak 00.13.54ko denboran (iaz 00.14.28).Sailkapen buruek pozik jaso zuten txapela. Gizonezkoen podiuma osatu zutenak Gueñesko Asier Larruzea (00.11.44) eta Ander de Luis soraluzetarra izan ziren (00.11.45), eta emakumezkoetan, Ainara Uribarri oñatiarra (00.15.30) eta Lorena Guinaldo eibartarra (00.15.49).
42 korrikalarik parte hartu dute aurtengo jaitsieran, iazko kopurua ia bikoiztuz (iaz 23 izan ziren), horietatik bost emakumeak izan dira. Nahikoa ondo egin zuten jaitsiera parte hartzaileek. Tontorretik azken atera zirenek, dena dela, zer edo zer gaitzago izan zuten, behegaina orduan eta lokaztuago eta orduan eta irristakorrago zegoelako.
Parte hartzaile bat ibilbidez nahastu, eta ezin izan zen helmugaratu, baina, orokorrean, gustura eta pozik bukatu zuten proba, eroriko txiki bat edo beste tarteko. Ez zuten falta izan zaletuen animo eta txaloak. Amaieran, eta sariak banatu arteko tartean, jan-edanerako tartea izan zuten frontoian. Eta sari banaketaren ostean, bi gazta erdi eta hiru tartaren zozketa egin zuen Barinagako Jai Batzordeak parte hartzaileen artean. Irribarre zabal bategaz jaso zituzten sariak irabazleek.
Briska eta bertso afaria ekarri zituzten ondorengo orduetan San Anton jaiek. Juan Aranzeta eta Jesusa Aranzeta izan ziren briskan irabazleak; bigarrenak Karmen Gandiaga eta Klari Larrinaga izan ziren, hirugarrenak Mari Tere Aulestiarte eta Felisa Apoita eta laugarrenak Juanita Aranzeta eta Ana Mari Arano.
Orgaren zozketa
Nerea Ibartzabal eta Andoni Egañaren bertsoek eta Laja II eta Lutxurdixoren doinuek girotu zuten gaua. Bihar, berriz, jubilatuen bazkaria edukiko dute Barinagan; orgaren zozketa egingo dute.