Jai Alai World Tourren azken fasea lehiatuko dute gaur eta bihar, Ezkurdin
Barandika-Aldazabal bikotea Egiguren-Lopezen kontra ariko da finalerdi batean. Bestea Beaskoetxea-Ekhi eta Olha-Inza bikoteen artekoa da. Roke Alberdik Enbilegaz jokatuko du biharZesta-puntaz gozatzeko aukera egongo da gaur eta bihar, Durangoko Ezkurdi...
Barandika-Aldazabal bikotea Egiguren-Lopezen kontra ariko da finalerdi batean. Bestea Beaskoetxea-Ekhi eta Olha-Inza bikoteen artekoa da. Roke Alberdik Enbilegaz jokatuko du bihar
Zesta-puntaz gozatzeko aukera egongo da gaur eta bihar, Durangoko Ezkurdi frontoian. Ikuskizun ederra eskaintzeko gogotsu, Gernika Jai Alai eta Jai Alive enpresetako bina bikote onenak lehiatu dira Jai Alai World Tourraren azken fasean.Gotzon Enbil beteranoaren agurreko jaialdia da. Zumaiarrak Roke Alberdi gernikar gazteagaz osatuko du bikotea bihar. Finalaren aurretik, Arrieta eta Garitaren kontra jokatuko dute.
Ekainean Mexiko Hirian abiatu zuten Jai Alai World Tour 2017 txapelketa. Besteren artean, Gernika-Lumon, Mutrikun, Donostian, Markina-Xemeinen, Bilbon, Lekeition, Durangon, Hondarribian eta Zumaian zaleak gozarazi ostean heldu da final handiaren eguna.
Bi gernikar ariko dira finalerdietan. Batetik, Xabi Barandikak Ibon Aldazabal berriatuarragaz jokatuko du, Mikel Egiguren donostiarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren kontra. Hain zuzen, horiek dira txapelketa irabazteko faborito nagusiak. Bestetik, Diego Beaskoetxeak Ekhi Martinez gasteiztarra izango du atzealdean, eta horiek Christophe Olha garazitarra eta Xabi Inza hendaiarraren kontra jokatuko dute finalaurrekoa.
Gaur 21:30etik aurrera jokatuko dituzte finalerdiak, eta bihar 18:00etan hasiko da ikuskizuna. Sarrerak 10 eurotan jarriko dituzte salgai, txarteldegian.
Daniatik bueltan
Aurreko urteetan ez bezala, bertoko puntistak Gabonetako oporraldian Euskal Herrira itzuli dira aurten lehiatzera. Barandika, Beaskoetxea eta Aldazabal Dania Jai Alaitik heldu dira. Beaskoetxea izan da amaitu berri duten denboraldiko onena, eta Egiguren-Lopez bikotea faboritoa izan arren, gernikarrak eta Ekhik ezustekoa eman dezakete Durangon. Arabarrak profesionaletan lehen denboraldia bete du, eta debutatzetik onenekin jokatzera pasatu da. Titulua irabazteko gogotsu daude, eta gogor borrokatuko dira. Baina Egigurenek titulua berresteko erronka dauka iaz Enbilegaz irabazi zuen txapelketa.
Lopezek eta Egigurenek Barandika eta Aldazabalen kontra lehiatuko dute finalerdia, eta azken horiek presio barik jokatuko dute. Gernikarrak adoretsu jokatuta, ondo aprobetxatu du aurtengo denboraldia. Berriatuarrak pilotakadarik azkarrenaren errekorra lortu berri du, eta Lopez handiaren kontra erakutsi beharko ditu bere bertuteak.
Enbilen azken funtzioa
Zumaiako atzelariarentzat egun hunkigarria izango da biharkoa. Enbilek eta Alberdik bi durangar izango dituzte parez pare: Iñigo Gorostola Arrieta eta Iñaki Garcia Garita.
1996an egin zuen debuta Enbilek, eta bi hamarkadatan, ibilbide oparoa burutu du. Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarragaz Munduko Txapeldun izan zen bost denboraldi jarraian (2002tik 2007ra). Iazko Jai Alai World Tourrean beren garairik onenetako erakustaldia eman zuen. Euskal Herrian zein kanpoan hamaika titulu irabazi ditu.