Ekintza bateratua
Hiru gizon gazte kotxean bidaiatzen doaz umore onez. Bat-batean, uniformez jantzitako polizia batek etenarazi eta bidertzean gelditu daitezen agintzen die. Beste polizia bat atzean du metraileta eskuan.Emakume batek bere herriko berdintasun kontseiluan...
Emakume batek bere herriko berdintasun kontseiluan parte hartzen du gogoz. Egun batetik bestera kontseilu hori deitzeko ardura dutenek ez dute deialdi berririk egiten, ezta emakume honek kontaktua hartzeko egiten dituen saiakerei erantzuten.
Bikote batek 20.000 kilometro baino gehiagoko bizikleta bidaiaren egunik latzenetarikoan Argentinako estantzia galdu bateko sukaldari irribarretsu batekin egiten du topo: gizonak jaki bikainak, lo egiteko toki beroa eta bere dutxa eskaintzen die.
Soziokonstrukzionismoak egiten dugunaren askatasuna eta erantzukizuna gizakiongan jartzen du aldi berean. Printzipioz edozein egoeraren aurrean nahi dugun edo dakigun era guztietan erantzun dezakegu. Baina, aurreko egoerok ikusita, egia al da aukera zabaltasun hori daukagunik? Zer nolako erreakzioak izango lirateke posibleago aurretik aipatutako adibideetan? Zer egingo zenuke zuk hiru gizon gazte horietako baten, berdintasun kontseiluko parte hartzailearen edota bikote bidaiariaren kasuan? Nola erantzungo zenieke poliziei, kontseiluko arduradunei edota sukaldari eskuzabalari?
Polizien aurrean biolentziaz jokatzekotan, nor izango litzateke horren erantzule? Kontseiluko emakumeak hau uztea erabakiko balu, erabaki horri zerk lagundu diola esango zenuke? Sukaldari eta bikotearen arteko harremana era positibo batean bukatuko balitz, bikoteak hurrengo egunean bizikletak hartu eta agur esateko orduan, noren lorpena litzateke?
Badago ideia bat harremanean sortzen dugunaren gaineko erantzukizun bateratu hori azpimarratzen duena: joint action edo ekintza komuna. Erantzukizun indibiduala berez ez dagoela suposatzen du. Nire erantzuna beti zuk egindako gonbitearen menpe dago, hortaz. Eta honek, aldi berean, zure erreakzio posibleari ere gonbite berri bat egingo dio, zure erantzuteko gaitasunean eraginez; zure erantzun posibleak mugatuz.
Eguneroko kontaktuetan une oro elkarrekin dantzatzen dugun joan-etorriak ekintza bateratuaren zentzuan aztertzea oso zaila da: egiten didazun gonbiteari erantzun aurretik, nire erreakzio posibleak eta hautatutakoak zuri zabaltzen dizkizun aukerak aztertzea ezinezkoa litzateke, batez ere, gure harremanak eskatzen duen freskotasuna galduko genukeelako. Hala ere, urte bukaera hurbiltzen den egun hauetan atzera begiratzeko parada egiteko ohitura dagoen momentuan, neure buruarekiko gogoeta hau bultzatzeko une egokia izan daiteke: zeintzuk gonbite egin ditut nire aurtengo harremanetan eta nola egin nitzake, datorren urtera begira, gonbite zabal eta eraikitzaileagoak?