Janari bilketak, aurten ere oparoak
Gabonak ailegatu baino lehenago, janari bilketa bereziak antolatzen dituzte herri gehienetan, gutxien daukatenek jatekorik faltan bota ez dezaten; Lekeitio, Ondarroa eta Mutriku dira horren adibide.Bildutakoarekin pozik. Horrela agertu dira Lea-Artibai...
Gabonak ailegatu baino lehenago, janari bilketa bereziak antolatzen dituzte herri gehienetan, gutxien daukatenek jatekorik faltan bota ez dezaten; Lekeitio, Ondarroa eta Mutriku dira horren adibide.
Bildutakoarekin pozik. Horrela agertu dira Lea-Artibai eta Mutrikun Gabonetarako elikagaiak batzeaz arduratu diren elkarteak. Hilabete hasieran jarri zituzten martxan bilketa bereziak, eta Gabonak ate joka daudela, balorazio positiboa egin dute.Lekeition, esate baterako, Elikagai Bankuarentzako bilketa egin dute eskolan. Marisol Iturraspe Lekeitioko elikagaien bankuko arduradunak azaldu duenez, astelehenean eraman zituzten bilketan jasotako janari, jostailu eta arropak lokalera, eta esker onez hartu zuten eramandako guztia.
Aurten eskolagaz egin duten proiektu bera datorren urtean R.M. Azkue ikastolari ere luzatuko diotela esan du Marisol Iturraspek.
Mutrikun, abenduko lehen egunetan egin zuten janari bilketa, eta arduradunak pozik agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin. Mutrikuko establezimenduetan 1.280 kilo janari bildu dituzte; umeentzako zerealak eta jakizko ontzitxoak, esnea, pardelak eta higienerako produktuak. Janariaz gain, herriko establezimenduetan ipinitako itsulapikoetan 1.119,15 euro batu dituzte. Batutako diru hori ere oraindik ere kopuru nahikora ailegatu ez diren janariak erosteko erabiliko dute. Herrian bildutakoaz gain, Saturrarango DIA supermerkatuan bi kutxa handi eta 11 kutxa ertain elikagaiez bete ziren.
Ondarroan, Zaldupe eskolako bigarren mailako ikasleek Gabonetan inor ez janaririk gabe lelopean ekin zioten janaria biltzeari Danonartin elkartearekin batera. Gainera, Gurutze Gorriko boluntarioak arduratu ziren batutako janaria Danonartin elkartearen lokalera eramateaz. Azaldu dutenez, 400 kilo janari batzeko erronka bota zieten ikasleek herritarrei, eta muga hori gainditzea lortu dute. 436,495 kilo janari bildu dituzte guztira. Zaldupeko ikasleak pozik zeuden kanpainak eduki duen bilakaerarekin, eta asko ikasi dutela aitortu dute.
Kontzientziazioa giltzarri
Bilketek oraindik badiraute. Gaur Lekeition egingo den San Tomas eguneko azokan, adibidez, mahaia jarriko dute Lekeitioko Elikagaien Bankukoek. «Liburu eta jostailuen trukaketa egingo dugu euro baten, diru horregaz falta zaigun janaria erosi ahal izateko».
Lekeitioko eta Ondarroako ikasleek kanpainan laguntzeaz gain, elikagaiak biltzeaz arduratzen diren elkarteen lana ere ezagutu dute. Garrantzi handia eman diote elkarte hauetara jotzen duen jendearekin nola jokatu behar den jakiteak, ez baita erraza beraientzat ere janari eske joatea.
Ez Gabonetan ez eta urteko edozein garaitan ere inori jatekorik ez faltatzeko kontzientziazioa giltzarria dela esan dute.