Azokako argiteria berritzeaz gain, hormairudi bat egin dute sabaian
Udal merkatu plaza bezeroentzako erakargarria izatea gura du Bermeoko Udalak. Barrua «ilun» zegoela iritzita, konpontzen saiatu dira azken lanekinUdal merkatu plaza bezeroentzako «erakargarriagoa» izatea gura du Bermeoko Udalak, eta horregatik, itx...
Udal merkatu plaza bezeroentzako erakargarria izatea gura du Bermeoko Udalak. Barrua «ilun» zegoela iritzita, konpontzen saiatu dira azken lanekin
Udal merkatu plaza bezeroentzako «erakargarriagoa» izatea gura du Bermeoko Udalak, eta horregatik, itxura hobetzen ari dira. Azoka kanpoan egin zuten hormairudiak aldaketa ekarri zuela dio Merkataritza, Turismo eta Hirigintza zinegotzi Irune Ormaetxeak. Barrukaldearen txanda zen orain, «ilun» ikusten zen eta.Modu horretan, argiteria berritzeaz gain, barruko sabaian hormairudi bat margotu dute, azoka «argitzeko, edertzeko eta erakargarriagoa» izateko. Lanok egitea «beharrezkoa» zela uste zuen udalak.
Wallarteko Lucia Gonzalezek egin du sabaiko lana. Zeru urdina egin du, laino zuriekin eta txoriekin. «Duda barik, hormairudi horregaz udal azoka argitsuagoa lortzen dugu, eta, hortaz, azoka biziagoa, atseginagoa eta erakargarriagoa», dio Ormaetxeak. Hormairudia azoka barruko «irudi bereizgarria» izango dela uste du.
Zortzi proiektore
Erronka «interesgarria» izan da Gonzalezentzat. Artistikoki «konplexua» izan dela esan du; aldamio batean igota sabaian margotzen ari zenez, «ez zeukan artelan guztiaren ikuspegi orokorra. Oso intuitiboa izan da». Zabaltasun sentipena ematea zen asmoa, eta ondo geratu dela uste du Gonzalezek.
Bestalde, argiteria berritzerakoan, «espazio eta argiztapen mota ezberdinak» kontuan hartu dituzte. LED teknologia erabili dute, eta «argiztapena hobetzeaz gain, kontsumoa ere gutxituko da». 32 lanpara LED jarri dituzte, eta zortzi proiektore: lau gora begira, sabaira, hormairudira, hain zuzen ere; eta beste lau, behera begira, merkatura, alegia.
Argiztapen proiektuak udal azokarako duen garrantzia nabarmendu du Ormaetxeak: «Argiteri on batek emozioak pizten laguntzen du, bezeroei sentsazio atseginak igortzen laguntzen du, eta kontsumitzaileak eroso sentiarazten ditu».
Argiteria proiektuaren barne egindako lan horien guztien kostua 40.000 euro ingurukoa izan da (BEZ barne) eta hori finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Hirigune programaren diru laguntza jaso du, 26.000 euro ingurukoa, hain zuzen ere. Gainerakoa Bermeoko Udalak ordaindu du. Datorren urtean, udal merkatu plazaren zorua konpondu gura dute.
Lanok udalak azoka biziberritzeko egindako plangintzaren baitakoak dira.