Hogeigarrenera iritsi da mahai apaingarrien lehiaketa
Lehiaketan parte hartu gura dutenek gaur aurkeztu beharko dituzte Gabonetako mahai apaingarriak, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bitarteanHogeigarren urtez, Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteak Gabonetako mahai apaingarrien lehiaket...
Lehiaketan parte hartu gura dutenek gaur aurkeztu beharko dituzte Gabonetako mahai apaingarriak, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bitartean
Hogeigarren urtez, Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteak Gabonetako mahai apaingarrien lehiaketa antolatu du, eta horretan parte hartu gura dutenek gaurko prest eduki beharko dituzte mahai apaingarriak.Nestor Basterretxea aretoan utzi beharko dira lehiaketarako lanak, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Mahai apaingarririk onenek sariak jasoko dituzte, hiru sari banatuko dituzte, hain zuzen ere. Hala ere, urtero legez, parte hartzaile guztientzako oparitxoren bat egongo dela esan du Minbiziaren Aurkako Elkarteko presidente Karmele Molanok. Bermeoko merkatarien laguntza eskertu gura izan du Molanok, horiek emandako gauzekin osatzen baitituzte sariak.
Sariak, bihar arratsaldean
Gabonetako mahai apaingarririk politenak aukeratzeko epaimahaia bihar batuko da, eta sari banaketa ekitaldia 18:00etan izango da, Nestor Basterretxea aretoan.
Epaimahaiak originaltasuna, zailtasuna eta lan artistikoa kontuan hartuko ditu sariak emateko orduan.
Lanak ikusgai jarriko dituzte bihar 18:00etatik 20:00etara eta barikuan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzaileek, gainera, dohaintzan utzi ahalko dituzte mahai apaingarriak, eta horiek 12 euroan salgai jarriko dituzte AECCrentzat dirua batzeko.
Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, Gabonetako bi mahai apaingarri aurkeztu ahalko ditu, eta lanak egiteko erabiliko den materialaren balioa ezingo da 18 euro baino gehiagokoa izan. Berriro gogorarazi gura izan dute debekatuta dagoela gorostia erabiltzea.
Urteekin arrakasta hartzen joan den lehiaketa da Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatzen duena. Iaz, Gabonetako 60 mahai apaingarri inguru aurkeztu zituzten, eta, aurten, beste horrenbeste espero dituztela dio Molanok.
Lehia, gainera, «gero eta handiagoa» dela diote: «Ilusio handiagaz egiten dituzte, eta hori mahai apaingarrietan nabari egiten da».