Enpresentzako diru laguntzak, langabetuak kontratatzeko
Busturialdeko enpresei zuzendutako diru laguntza programa bat eratu dute eskualdeko udalek. Hain zuzen, enpresak lagundu nahi dituzte langabetuak kontratatzeko unean, eta horretarako, 104.546,28 euroko diru laguntza bideratuko dute, Lanbide Ekimenak ag...
Diru laguntza horren helburua «enplegua sustatzea eta eskualdeko garapen ekonomikoa bideratzea» dela azaldu dute sustatzaileek.
Hala, hiru hilabeteko iraupena duten lanaldi osoko lan kontratu bakoitzeko, gutxienez, 3.000 euroko laguntza jaso ahalko dute enpresek, eta 6.000 eurokoa, berriz, sei hilabete edo gehiagoko iraupena duen lanaldi osoko lan kontratu bakoitzeko. Hiru eta sei hilabete arteko kontratazioen kasuan, «denborarekiko proportzionala izango da laguntza».
Hala ere, Lanbide Ekimenak agentziak gogoraratu nahi izan du laguntzaren zenbatekoa ezingo dela kontratatutako pertsonen kostua eta gizarte segurantzakoaren %75 baino handiagoa izan.
Aipatutako laguntza eskatu nahi duenak deialdia BAOn argitaratu den hurrengo egunetik otsailaren 28ra bitarteko epea izango du, eta kontratuak 2017ko uztailaren 28a eta 2018ko otsailaren 2a bitartean gauzatu beharko dira.
Deialdi horri buruzko dokumentuak Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenaren webgunean daudela jakitera eman du agentziak. Gainera, gaiari buruzko zalantzak Eskualdeko Garapen Agentzietan argituko dituztela azaldu dute: Bermeoaldeko Behargintzan (94-617 91 90/behargintza@bermeo.eus) zein Lanbide Ekimenak agentzian (94-625 57 58/akortazar@lanbide-ekimenak.eus).