Ekaitz Mendizabalek eta Zugaitz Sallaberrik irabazi dute Xisterako finala
Gazteen mailan, Danel Mandiola eta Theo Etxegarai nagusitu ziren Uni pilotalekuan jokatutako norgehiagokan. Goizean antolatutako topaketetan 150 bat umek parte hartu zuten mikel santisoEkaitz Mendizabal mutrikuarrak irabazi du nagusietan Xistera Txapel...
Gazteen mailan, Danel Mandiola eta Theo Etxegarai nagusitu ziren Uni pilotalekuan jokatutako norgehiagokan. Goizean antolatutako topaketetan 150 bat umek parte hartu zuten mikel santiso
Ekaitz Mendizabal mutrikuarrak irabazi du nagusietan Xistera Txapelketa, Zugaitz Sallaberri bikote duela. Gazteen mailan, Danel Mandiola markinarra eta Theo Etxegarai izan dira garaile.Zapatuko partidu biak izan ziren ikusgarriak, eta hirugarren set-ean erabaki ziren finalak. Goizean goizetik, hainbat ekintza antolatu zituzten, eguna girotzen joateko; hala, 150 ume baino gehiago hurbildu ziren parte hartzera. Markina-Xemeingo Uni pilotalekua Xisterako puntisten bilgunea izan zen.
Gazte mailakoa izan zen jokatu zuten lehenengo finala, eta Theo Etxegaraik eta Danel Mandiola markina-xemeindarrak (gorriz) irabazi zuten. 2-1 menderatu zituzten Eduardo Agirre eta Aratz Mendizabal mutrikuarra (urdin). Partida oso lehiatua izan zen, eta lehen hiru set-ak emozioz betetakoak izan ziren. Lehenengoa oso berdindua izan zen, baina Agirrek eta Mendizabalek Etxegaraik sakez egindako huts bat baliatu zuten 15era iristeko. Bigarrenean, markagailua berdinduta zegoen, zazpi tantora iritsi arte; orduan, aurrea hartu zuten gorriek (12-8). Aurretik zirela jakinda, lasaitasun gehiagorekin jokatu eta 15era iristea lortu zuten. Banako berdinketagaz, hirugarren set-ean ere bere horretan jarraitu zuen partidak. Launako berdinketara iritsi ziren bikoteak, baina Danel Mandiolak, bere sendotasuna erakutsita, urdinen akatsa eragin eta finala eurenganatu zuten.
Bigarren finalean, nagusien mailakoan, ere berdintasuna izan zen nagusi. Lehenengo set-ean Julen Iriondo berriatuarrak eta Edu Susok osatutako bikote gorriak lortu zuen garaipena, 15-14ko markagailuagaz Ekaitz Mendizabal mutrikuarra eta Zugaitz Sallaberri mendean hartuta. Bigarrenean urdinak bikain hasi ziren, eta horri esker 1-6 aurreratzea lortu zuten. Gorriek ez zuten amore eman, eta markagailura berdinketa igo zuten, 7 tantora. Urdinak berriz ere partiduan sartu, eta 1-4ko partziala eginda, markagailuan aurrea hartzea lortu zuten, amaierara arte nagusi izanik.
Hirugarren set-ean, urdinak izan ziren hasieran aurrea hartu zutenak. Banako eta binako berdinketak egon ziren markagailuan, baina urdinek bi tanto jarraian eginda partidua apurtu zuten. Bosgarren eta azken tantoa ere eurena izan zen, eta horrela lortu zuten finala irabaztea.