Yurrita: 150 urte, pausoz pauso, historia egiten
Mutrikuko kontserba enpresa historikoak 150 urte bete ditu aurten. Enpresak urte askoan edukitako ibilbidea ulertzeko, Jose Migel Mauleon eta Agapito Yurrita nortzuk izan ziren ezagutzea ezinbestekoa da.Mutrikuko Yurrita enpresa Euskal Herriko arrain k...
Mutrikuko kontserba enpresa historikoak 150 urte bete ditu aurten. Enpresak urte askoan edukitako ibilbidea ulertzeko, Jose Migel Mauleon eta Agapito Yurrita nortzuk izan ziren ezagutzea ezinbestekoa da.
Mutrikuko Yurrita enpresa Euskal Herriko arrain kontserba lantokirik zaharrena da gaur egun; familia bereko bost belaunaldi pasatu dira bertatik. Urteen poderioz, familia enpresa hainbat garaietara moldatu behar izan da. Hasieran, esaterako, Yurrita e Hijos izena zeukan enpresak, eta eskabetxea lantzen zuten bakarrik. Gaur egun, ordea, Yurrita Group marka eta diseinu berriarekin, aurretiaz sukaldatutako jakiak ere prestatzen dituzte.Baina Yurrita gaur egun dena ulertu ahal izateko, hasierara joatea komeni da.
Kontserba enpresa Mutrikun jaio zen duela 150 urte, Txurruka Tenienteak kalean dagoen Mauleon izeneko etxean hotela izan zen, hain zuzen ere. Hasiera batean, sotoan sortu zuten lantoki txiki batean lan egiten zuten. Etxe horretan, gainera, Yurrita familiako kideak denbora luzez bizi izan ziren. Egun, eraikin historikoa zutik dagoen Espainiako kontserba etxe zaharrenetarikoa da. Etxe horretan bizi izan ziren Jose Migel Mauleon eta Agapito Yurrita, kontserba enpresaren sorreran eragin handia izan zuten bi gizon.
Lehenengo urratsak
1867. urtean heldu zen Mauleon Etxarri-Aranatzetik (Nafarroa) Mutrikura. Mutrikun, hain zuzen ere, arrainaren elaborazioan eta merkataritzan aitzindaria izan zen.
Euskal Herriko arrain industrian eskabetxea ezezaguna zenean, Mauleonek bere produktuak ekoitzi eta hainbat herrialdetara garraiatzen zituen. Artxi- boetan idatzita dagoenez, gauzak ondo joan zitzaizkion. Izan ere, herrira heldu eta urte gutxira, dozena bat gurdi zituen Mauleonek.
Enpresa hazkundean bazegoen ere, gerora enpresa gidatuko zuen semerik ez zuen. Horrela, Francisca bere alaba Gipuzkoako enpresari iaio baten semearekin ezkondu zen: AgapitoYurrita ordiziarrarekin. Bikote hori izan zen, hain zuzen ere, enpresari izena aldatu eta gaur egun ezagutzen den izena jarri ziona: Yurrita.
Baina ezin ulertu daiteke Agapito Yurritaren izaera haren aita Antonio Yurritaren historia ezagutu gabe. Izan ere, Agapitok aitarengandik jaso zituen merkataritzan aritzeko gaitasunak.
Antonio Yurrita Ormaiztegin jaio zen, eta Ordiziko alkate izan zen. Agiriek diote gizonik aberatsenetarikoa izan zela. Hain zen ezaguna bere izena eta ospea ze, Gipuzkoa osoa erosi ahal zuen pertsona bakarra zela zioten.
Antonio Yurritak ez zeukan kontserba enpresekin harreman zuzenik. Baina semea Mauleonen alabarekin ezkondu eta gero, kontserba munduan barneratu zen. Eta, noski, bere dirutza oinordekoei uzteaz gain, bere bizipenetan oinarrituta semeei merkataritzan aritzeko tresnak eman zizkien.
Antonio Yurrita karlista sutsua zen, eta gerrak iraun zuen bitartean, armada karlistaren finantzatzaile ofiziala izan zen. Karlos VII.aren jarraitzaileek gerra galdu zutenean, Yurrita hondoratu egin zen. Paradoxa badirudi ere, asko eta askori jaten eman zion enpresari ospetsua Espainiako probintzia batean gosez hil zen.
Agapito Yurritak aitak zeukan merkatari sena jarraitu zuen, eta Mauleonen alabarekin ezkondu ostean, kontserba enpresaren buru bilakatu zen. Yurrita e Hijos izenarekin, Kantauri itsasoko antxoan eta hegaluzean espezializatu zen.
36ko gerra amaitu eta urte batzuetara, 1950ean, enpresaren ekonomia esportazioan oinarritu zen. Gerra osteko urte gogorretan, esportazioa enpresaren garapenerako gakoa izan zen. Horri esker, egun, Yurrita Groupek 60 herrialderekin dauka harremana.
Egungo enpresa
Pasatutakoak pasatuta, Yurrita Groupeko ordezkariek ez dute inoiz ahaztu garai batean euren arbasoek egin zutena. Hala, enpresaren historia alboratu gabe, garai bateko izaera egungo instalazioekin eta irudi berritzailearekin uztartzea lortu du.
Aurten enpresak 150 urte bete dituela aprobetxatuz, Mutrikuko Udalak Berdel Aipamena eman zion enpresari, besteak beste, «Mutriku mundu mailan kokatzeagatik».