Mahaira deituak
Lana bilatzeko beharra zela-eta atzerrira bota zutenek jaioterriko familiaren babesera alde egiterakoan utzitako mahai hutsa; edo maite diren guztiei lekutxo bat bilatu nahian, oiloek askara egiten duten bezala, bata bestearen kontra pilatutakoak. Maha...
Beste nongo mahai batean elkartu diren seme-alaben deiaren zain dauden senar-emaztearen gau luzea. Edo gurasoak makal dituen horrek ume eta bikotea beste mahai batean utzita, bizia eman zioten horientzako maitasun osoz erosi eta berotutako janari goxoa. Mutilzahar biren arteko patxaran eta gazta aurreko solasaldia, edo ospitaleko ohean botata, baraurik, urte hobea desiratzen eman behar duen gizajoa.
Afaria errietan, abesten, malko artean, gozatzen, umeari janaria ahora ematen, amona kuttunaren eskua laztantzen, osabaren zigarroa jasaten, txikienak entretenitu nahian behin da berriz topa egiten, hautsak estalita zen Mocedadesen binilo zaharra beste urte batez emozio betez entzuten, Olentzerok oparitutako Legoarekin mundu berriak eraikitzen edo panpinari istorioak kontatzen, atzerrian bizi den lehengusuaren istorio interesgarriak entzuten, anaia nagusiaren txiste berriez barrez lehertzen edo lehengusinaren gitarra kantak abesten, maitatutako guztiak mahaian dituen amaren begi distiratsuak kontenplatuz hura maitatzen, herritik bidali dioten txorizoa dastatuz haurtzaroko usaiak oroitzen edo atlantikoaren beste aldean dituen haiekin telefonoz hitz eginda mahaira deitzen… Maitasunez jositako Gabon parteko mahai alai, goibel, bakan, anitz, eder, ezberdinak. Zorionak lagunok. Bihotzez.