Errigorak 707 saski banatuko ditu Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean
Euskal Herri mailan 14.000 eskari egin dira. Euskalgintzara 175.000 euro bideratuko dituzte. Bi eskualdeak kontuan hartuta, Lekeition egin dira eskari gehien: 232 saskiBosgarren urtez jarraian egin du Errigorak udazkeneko #EUSKARARIpuzka kanpaina. Eta ...
Euskal Herri mailan 14.000 eskari egin dira. Euskalgintzara 175.000 euro bideratuko dituzte. Bi eskualdeak kontuan hartuta, Lekeition egin dira eskari gehien: 232 saski
Bosgarren urtez jarraian egin du Errigorak udazkeneko #EUSKARARIpuzka kanpaina. Eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdetik 707 eskari jaso dituztela jakitera eman du Errigorak. Eskariak eginda eta onartuta, Errigoraren bolutarioek datozen egunetan banatuko dituzte saskiak.Iaz egin modura, aurten ere bi saski eskaini ditu Errigorak udazkeneko kanpainan: zuria eta beltza. Bietan Nafarroa hegoaldean ekoiztutako produktuak eskaini dituzte.
Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean iaz baino hamahiru eskari gutxiago egin badira ere, Euskal Herri mailan iazko antzera ibili direla esan eta kanpainaren balorazio positiboa egin du Errigorak. Aurten ere 14.000 eskari jaso dituzte guztira Euskal Herri mailan. «Iazkoari eutsi diogu!», azaldu dute Errigorakoek.
Eskari horiei guztiei esker, Errigorak 175.000 euro bideratuko ditu Nafarroako euskalgintzara, iazko kopuru bera. «Bosgarren kanpaina honek emaitza bikainak eduki ditu. Honek erakutsi digu ekimena noraino sustraitu eta errotu den. Kanpaina honetan ere milaka izan gara, urtero bezala, Gabonen bueltan etxera irisiten den saski ederrari tokia egin diogunak».
Herrilanaren garrantzia
Errigorako kideek auzolana goraipatu eta parte hartzaile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete. «14.000 saski ez dira berez egiten. Ez dira berez eskatzen ez eta berez banatzen. Ez da kasualitatea. Euskalgintzari ez zaizkio 175.000 euro egunero zerutik jausten. Herrilana izan da. Herrilangileak izan gara».
Halaber, aurten kanpainagaz bat egin duten enpresa txiki eta ertainak iaz baino gehiago izan direla azaldu dute. «Enpresei dagokienez, aurten 600-700 saski gehiago eskatu dira».
Eskariak eginda eta onartuta badaude ere, aurretik lan handia geratzen zaiela azpimarratu dute. Izan ere, 14.000 saski Ablitasetik (Nafarroa) atera eta etxez etxe banatu behar dituzte.
Saskiak egin eta etxeraino ailegatzeko pauso hori ere herrilana oinarri hartuta egin du eta egingo du Errigorak. «Ehunka gara herriz herri Errigoraren sarea osatzen dugun boluntario nekaezinak. Banatzaileak, komertzialak, gidariak eta diruzainak. Jende polifazetikoa».
Orain arte egindako udazkeneko kanpaina guztiak aintzat hartuta, euskalgintzara 800.000 euro bideratu direla gogoratu dute.