Gernikan egia asko daude, eta munduan Gernika asko
'Gernikaren Egiak' liburua atera ostean, ikusentzunezkoa prestatzen ari da Gite -Ipes
Interesgarria da dokumental honek ekarriko duena; ikuspuntu akademikoa herritartu egin dela. Jendeak hartu du bere gain Gernikako egiak ezagutarazteko ardura hori, eta hori interesgarria da.Herritarren egiak gaur. Gernikaren egiak liburuak isilpean egon diren hainbat egia piztu ditu, kontzientzia asko. «Bidean berreskuratu dugu orain 30 urte Gernikan batu ziren historialarien mahaia, eta grabazio horretatik bi ondorio atera ditugu: orduan esandakoek gaurkotasuna dutela zoritxarrez, aldarrikatzen jarraitzeko arrazoi berak ditugula. Bigarrena, aldarrikapen horren transzedentzia gaurko ikuspegitik lanabes bihurtu daitekeela». Lanabes horri, baina, ahots berriak gehitu nahi dizkiotela diote: «Ahots ezberdinak bildu gura izan ditugu, eta gaurko ikuspegitik eztabaida sozialean egon daitezkeen iritzi eta ekimen ezberdinei dagokien aitortza eta ahotsa ematea». Orain 30 urte historialarien mahainguruan aurkeztu zituzten ondorio, iritzi eta hausnarketak akademikoak zirela gogoratu dute; «eta hori ondo dago, errealitate bat ikusarazi zutelako. Baina interesgarria da, baita, dokumental honek ekarriko duena; ikuspuntu akademikoa herritartu egin dela. Jendeak hartu du bere gain Gernikako egiak ezagutarazteko ardura hori, eta hori interesgarria da». Historia gatibu. Orain arte historialariek, ikerketa eta kontaketa egiterakoan, gizonen ikuspuntutik egin dute, eta Gernikaren historia ikuspuntu militarretik kontatu da. Errelato horretan, historia eta errealitate pertsonalak falta direla diote Meñikak eta Petralandak, eta horiek ere historia direla. Beraz, prestatzen ari diren ikusentzunezko lan horretan, emakumeen ikuspuntuak ere pisua edukiko du. «Elkarrizketatuen artean asko dira emakumeak; ahaztuarazi diguten perspektiba bat jaso nahi izan dugu horrela; hori ere balioan jarri behar delako», aipatu dute.
Ikusentzunezkoak gogoeta sakona, iritzi kualifikatua, eta eztabaidarako osagaiak mahaigaineratzeko duten gaitasuna erakutsiko ditu.Hala, elkarrizketa saioak espero baino emaitza hobeagoak eman dituela esan dute. Hasierako planteamenduak gizonezko historialarien mahainguru batean zuen abiapuntua, baina horretan historiaren zati handi bat dago ez dena kontatu: emakumeena. Zabaltzen ari diren gai eta hausnarketak harago doazela diote proiektuaren sustatzaileek; «kazetaritzaren ikuspegitik, historia ikertzearen ikuspegitik, ondorengo Gernikan emakumeek eduki zuen paperaren ikuspegitik… Zergatik ez da kontatu fronteko eta ondorengoko emakume horren papera? Historialariei galdetu beharko zaie. Gaur eguneko ikuspegitik hori da agian eztabaidatu behar den benetako memoria». Gernikaren egiak ikusentzunezkoak 12-15 lagunen hausnarketak bilduko ditu, 45 urtetik beherako herritarrena: «Gogoeta sakona, iritzi kualifikatua, eta eztabaidarako osagaiak mahaigaineratzeko duten gaitasuna erakutsiko ditu». Memoria historikoa gaurko lanabesa dela, oroimena ez dela atzera begirako zerbait egitea; hori da esku artean duten lan horretatik atera duten beste ondorio bat. «Oroimena oraindik gatibu dago; Gernikan egia asko daude, eta munduan Gernika asko».