VI. Elantxobeko mendi martxa, zapatuan
Atxurkulu Mendi Klubaren eskutik, beste urte batez mendi martxa luzea edo laburra egiteko aukera egongo da.
Ibilbiderik luzeena 21 kilometrokoa (982 desnibel positiboagaz) da, eta laburrak, berriz, 10 kilometro ditu.
Bata zein bestea egitera doazenak Elantxobeko portutik irtengo dira. Hain zuzen, mendi martxa luzeko partaideak 08:30ean abiatuko dira, eta laburrekoentzat, ostera, 10:00etan ipini dute ordua.
Martxa luzea egitera doazen mendigoizaleek portutik irten eta Ogoño (276m) igoko dute lehenengo, gero handik Atxarreko tontorrera (312m) hurbilduko dira, eta proba amaitu aurretik Armendutik (384m) pasatuko dira. Ibilbidean zehar lau anoa postu jarriko dituzte: Leunbe auzoan (likidoa), Gametxon (likidoa), Akordan (solidoa eta likidoa) eta Ibarrangelun (likidoa).
Ibilbide laburrenekoak portutik Leunbe auzoaraino joango dira, jarraian Lagaburutik Laga hondartzara jaitsi, eta Akordarako bidea hartuko dute. Akordatik Ibarrangeluko herrigunera joango dira, eta handik Elantxobera. Horientzat bi anoa postu egongo dira: Leunbe auzoan (likidoa) eta Akordan (solidoa eta likidoa).
Parte hartzaile guztiek probaren amaieran ere jan-edana izango dute, parrilada eta guzti.
Parte hartzaile kopurua beteta dagoenez, egunean bertan ezin da izena eman. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzaile mugara helduta, astelehen arratsaldean itxi zuten izen ematea. 400 pertsona inguruk izena eman dute martxa luzean, eta laburrean 100 bat pertsonak. “Bi martxak kontuan hartuta, 530-550 pertsonak parte hartuko dute”.