Traste zaharrak biltzeko telefono zenbaki berria martxan dago
Lea-Artibai Amankomunazgoak traste zaharrak batzeko zerbitzua hobetu asmoz, aldatu berri du telefono zenbakia. Doako telefono zenbakia daLea-Artibai Amankomunazgoak traste zaharrak batzeko daukan zerbitzuaren telefono zenbakia aldatu berri dute.Hain zu...
Lea-Artibai Amankomunazgoak traste zaharrak batzeko zerbitzua hobetu asmoz, aldatu berri du telefono zenbakia. Doako telefono zenbakia da
Lea-Artibai Amankomunazgoak traste zaharrak batzeko daukan zerbitzuaren telefono zenbakia aldatu berri dute.Hain zuzen ere, orain arte zeukaten telefono zenbakiak arazoak ematen zituela ikusita, telefono zenbakia aldatzea erabaki zuten.
Hala, ekainaren hasieratik martxan dago zenbaki berria, eta zerbitzuaz baliatu gura duten herritarrek telefono zenbaki honetara deitu behar dute: 900 10 48 78.
Lea-Artibai Amankomunazgoak orain dela zortzi bat urte jarri zuen martxan traste zaharren atez ateko bilketa sistema.
Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunzgoko presidenteak adierazi duenez, zerbitzua hobetu asmoz egin dute aldaketa. «Aurreko telefono zenbakiak arazoak ematez gain, ikusten genuen nahiz eta telefono zenbakia etxeko atarietan jarrita eduki, askok ez zutela zerbitzua erabiltzen eta traste zaharrak gura zuenean uzten zituela kalean».
Hain zuzen, hitzordu barik eta hitzorduagaz ateratzenen dutenen batez besteko kopurua antzekoak direla dio Lea-Artibai Amankomunzgoko presidenteak.
Hau da, herritarren %50 atez ateko bilketa sistemaren telefono zenbakira deitzen du, eta beste %50 nahi dituenean ateratzen ditu aipatu hondakinak. «Hala ere, azken boladan konturatu gara traste zaharrak gura dituztenean kalean uzten dituzten herritarrak %50 baino gehiago direla, batez ere gure eskualdeko herri handienetan. Uste dugu orain sistema hobetuta, kopuru hori jaitsi egingo dela».
Egunotan telefono zenbaki berriaren afixak banatuko dituzte etxez etxe, eta horrekin batera, etxebizitzen atarietan kartelak jarriko dituzte. «Asko enteratu dira, baina beste asko oraindik ez. Honen berri denei ailegatzea da gure helburua, eta espero dugu herritarrek hitzordu barik atera ordez, telefono zenbaki honetara deitzea eta hitzordua emandako egunean ateratzea».
Zerbitzuaren doako telefono zenbakira deitu, eta traste zaharrak astean behin batzen dituzte.
Lea-Artibai Amankomunazgoak hondakinak batzeko kontratatuta daukan enpresako ordezkariek herritarrei hitzordua ematen diete, zein egunetan eta zein ordutan jasoko dituzten zehaztuz.
Normalean hurbilen dituzten edukiontzien gunean uzteko eskatzen diete.
«Konturatu gara urtero kalean traste zahar asko agertzen direla, batez ere urteko sasoi batzuetan hondakin asko batzen dira edukiontzien alboetan: koltxoiak, telebista eta altzairu zaharrak… Zerbitzu hau denon onurarako da. Ez da atsegina kalean halakoak pilatuta ikustea, eta denok nahi dugu gure herriak txukunago egotea. Azken batean denon esku dago», azaldu du Eluk.
Enpresetako hondakinak
Bestalde, eraikuntzarekin loturiko enpresa txikietako hondakinen inguruan ere kezka dute Lea-Artibai Amankomunazgoko kideek. «Ikusten dugu arotzek, harginek etab. etxeetan konponketak egiten dituztenean ateratzen dituzten hondakin handiak, batzuek kalean uzten dituztela. Berez hondakin horiek haiek kudeatu behar dituzte, eta guztiek ez dituzte kalean uzten, baina batzuek bai».
Horrek «arazo handia» sortzen duela dio Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteak eta horri irtenbidea bilatzeko zer egin aztertzen ari dira.
Berriatuako Andonegin dute transferentzia gunea, eta han uzten dituzte mota guztietako hondakinak, ondoren bakoitza dagokion lekura eramateko.
Aztertzen ari diren aukeretako bat da gune hori astean egun eta ordu jakin zehatz batzuetan eskualdeko sektore horretako beharginei zabaltzea, haiek hondakinak bertan uzteko aukera izan dezaten.
Horrela erraztasun bat emanez, haiek duten arazoari erantzuna eman gura diote Lea-Artibai Amagomumazgotik.