10:00ak aldera Bermeotik irten, eta
industriagunez industriagune, enpresaz enpresa egin dute haien salaketa. Gernika-Lumoko industriagunean amaitu dute auto karabana.
Eskualdeko zenbait enpresetako langileei haien aldarrikapenaren berri jasotzen duten eskuorriak banatu dizkiete LAB sindikatuko kideek.
Ordu Estrarik ez! Prekarietatea borroka dezagun. Ordu estrek gazteei lana ukatzen diete lemapean, soldata duinak lortzearen eta ordu osagarriak eta prekarietatea desagertzearen beharra aldarrikatu dute.
Enpresetan pertsona gehiago kontratatu ordez, eta soldatak jaisten edo izozten ari diren bitartean, langileen ordu osagarriak egin beharra “onartezina” dela adierazi dute, eta langileentzat
ordu osagarriak “opari pozoitua” direla salatu dute: “Kapitalak langileak gogor estutzeko eta nahi duen moduan maneiatzen jarraitzeko dira”.
Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak argitara berri eman dituen datuak kezkagarriak direla azpimarratu dute eskualdeko LABeko ordezkariek. Aipatu datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan
6 milioi eta erditik gorako ordu osagarriak egin ziren 2016an (2015ean baino %36,60 gehiago). Dirutan ordu horien balioa 187,40 milio eurokoa dela azaldu dute, eta kopuru horregaz 5.300 lanpostu sortu ahalko liratekeela.
LABeko ordezkariak Gernika-Lumon, eguerdian.
“Kapitalak duen ikuspegi berekoi eta egozentrikoa ase ezina eta hondorik ez duen zakua da; zenbat eta gehiago irabazi gehiago nahi du. Horregatik du gezurrak esateko, gu estutzeko, ezkutuan aritzeko eta maneiatzeko beharra”. Horrekin batera, enpresariek ogasun publikoari “iruzur” egiten dietela salatu dute, langileen “zapalkuntzagaz” sortutako aberastasuna haientzat gordez, eta “gizarte onurari bizkarra emanez”.
Beste behin langileek haien eskubideak defendatzearen, enplegua sortzearen, lan orduak murriztearen eta lana eta aberastasuna banatzearen aldarrikapenak egin dituzte eguerdiko agerraldian, eta “kapitalaren ekonomiaren ordez”, ongizatea egunerokotasunaren erdian jartzeko eskatu diete langileei.
Bihar, Lea-Artibain
Gaur Busturialdean egin moduan, bihar Lea-Artibaiko enpresetako langileengana hurbilduko dira LABeko kideak. 09:30ean Gizaburuagako Okamika industrialdean batuko dira, eta eskualde horretako zenbait herritik pasatu ostean, Ondarroan amaituko dute auto karabana.