Hego Amerikan arrakasta handia duen nazioarteko proba lehiatuko dute Gernika-Lumon irailaren 24an:
Gernika erronka. Oztopoak gaindituz, 5 edo 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek.
Berorren aurkezpena egin dute gaur, eta proba solidarioa izango dela jakitera eman dute. Hain zuzen, proban biltzen duten diruaren %3 Esklerosi Anizkoitzaren Fundaziora bideratuko dute. Gainera, Euskal Herriak lehenengoz hartuko duen proba izango dela azpimarratu dute.
Gernika Erronka naziarteko proba hori
Gerlarien desafioa delakoaren frankizia dela azaldu dute gaur aurkezpen ekitaldian bildutako Jon Lejarraga Kirol Patronatuko presidenteak, Eneko Van Horenbeke Urdaibaiko arraunlariak, Pedro Carrascal Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioko zuzendariak eta Francisco Gonzalez Gerlarien desafio-ko zuzendariak.
Bi modalitate izango ditu aukeran parte hartzaileak; batetik, bost kilometroko lasterketa burutu ahalko da, eta hori egitea aukeratzen dutenek 15 oztopo gainditu beharko dituzte; bestetik, hamar kilometroko ibilbidea egin ahalko da, horretan 22 oztopo gainditu beharko direlarik. Bata zein bestea OCR World Championship nazioarteko zirkuiturako puntuagarriak izango dira.
Gernikako Atletismo Klubaren laguntzagaz udalak antolatutako proba horretan hamaika izango dira gainditu beharreko oztopoak: burdin hesiak, lubakiak, lokatzezko igarobideak, hormak…
Gonzalezek azaldu zuenaren arabera, Gerlarien desafioak parte hartzailearen forma fisikoa zein mentala neurtzen ditu; «betiere, motibazioa, laguntasuna eta taldeko lana sustatuz». Santa aparkalekuan hasiko den proba hori gizarte-ekimen bat dela nabarmendu dute, «pertsonen bizitza hobetu gura duen proba delako, eta apurka-apurka gizarte aldaketak lortuko dituen tresna izango delako».
Gonzalezek aipatu du «ilusio handia» egiten diela probak; «batetik, kirol arloari dagokionez, eta, bestetik, eskrerosi anizkoitzaren borrokaren aldeko ekarpena» egin dezaketelako.
«Guztiek egiteko modukoa». Irailaren 24koa «esperientzia oso polita» izango dela-eta, parte hartzeko deia egin dute. «Ia guztien eskura» dagoen proba izango dela esan dute; «guztiek egiteko modukoa, proba burutzeko beharrezko denbora izango da parte hartzaile batetik bestera aldatuko dena». Bakarka, lagun artean zein familian egiteko proba izango dela azaldu dute.
Parte hartu nahi duenak
www.desafiodeguerreros.es webgunean eman beharko du izena.
Hala, datozen urteetan ere kirol proba hori egiten jarraitzeko asmoa agertu dute; urte bakoitzean xede sozial batera bideratutako ohiko proba bihurtu gura dute.