Euskal Herriko Pool Txapelketaren proba jokatuko dute Gernika-Lumon, zapatuan
Basque Pool Series txapelketaren hiru probetako bat jokatuko da zapatu honetan. Hain zuzen, iaz ere leku berean lehiatu zuten aipatu txapelketa.
Skaterrek 17:00etan eman beharko dute izena. Lau kategoria daude: 12 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak, neskak eta Open.
Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurak sarituko dituzte ( irabazleek txapela eta kopa, eta gainontzekoentzat skate-eko materiala).
Euskal Herriko Pool Txapelketaren hiru probak Getxon, Gernika-Lumon eta Ordizian jokatuko dira aurten. Hain zuzen ere, skaterrek datorren astean, uztailaren 15ean Ordizian dute hitzordua.
Lehenengo proba ekainaren 17an lehiatu zuten Getxoko La Kantera skatepark-ean. Open kategorian Bartzelonako Marcel Cama nagusitu zen, eta nesketan onena Iraia Escobar ordiziarra izan zen. 16 urtez azpikoetan Alain Kortabitarte gipuzkoarra izan zen irabazlea, eta 12 urtez azpikoetan, berriz, Marin Azketa getxoztarrak irabazi zuen.