Udalak etxebizitza alokairurako laguntzak emango dizkie gazteei
18-35 urte bitarteko gazteei etxebizitza alokairurako diru-laguntzak emango dizkie Lekeitioko Udalak. Etxebizitza eskuratzeko arazoa gazteek emantzipatzeko daukaten oztopo nagusienetakoa dela dio udalak, eta, beraz, etxebizitza politika publikoaren bid...
Azaldu dutenez, lehenengo aldia da Lekeitioko Udalak mota horretako diru laguntzak martxan jartzen dituela, eta 2017ko ekitaldirako 15.000 euro bideratuko dituzte. Laguntza hori, gainera, beste erakunde batzuek kontzeptu beragatik ematen dituzten aldi bereko diru laguntzekin bateragarria izango dela zehaztu dute.
«Gazteei zuzendutako diru laguntza programa honegaz gure gazteek arrazoizko prezioan etxebizitzak errentan hartu ahal izateko behar diren egoerak sustatzea eta horrela autonomia eta emantzipazioa lortzen laguntzea lortu nahi da», esan du udalak.
100 euro hileko
100 euroko laguntza emango dio udalak, gehienez, eskatzaile bakoitzari, hilabete bakoitzeko, eta 12 hilabeteko epealdira luzatu ahalko da gehienez laguntza.
Diru laguntzak eskatzeko, ezinbestean 18-35 urte bitarteko adina izan behar dute etxebizitza unitateko kide guztiek, eta gutxienez euretako bat Lekeitioko udalerrian erroldatuta egon behar da, bi urteko etenik gabeko antzinatasunagaz.
Bestalde, diruz lagunduko den etxebizitza Lekeitioko udal mugartean egon beharko da, eta ez eskatzaileek ez bere bizikideek ez dute jabetzako etxebizitzarik eduki beharko.
Aste honetan zabaldu du udalak 2017ko diru laguntzen deialdirako aurkezpenak egiteko epea, eta maiatzaren 31n itxiko dute.
Eskaerak Lekeitioko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, eta eskaeragaz batera, araudian zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskatzaileek.